BAI Intxaurrondo Topaketak antolatu dituzte, arte publikoa herritarrei hurbiltzeko
Intxaurrondon egingo da arte publikoaren BAI Topaketen hirugarren edizioa, ekainaren 8an eta 9an. Caradepan kultura elkarteak antolatzen duen ekimen honen helburua da arte publiko garaikidea herritarrei hurbiltzea, eta horrekin donostiarrak eta bisitariak estimulatu, konprometitu eta hunkitzea. Horretarako, tokiko arte ondareko obrak berrinterpreta ditzaten gonbidatzen dira maila goreneko sortzaile garaikideak.
Ana Esmith izango da aurtengo artista gonbidatua, Miss Beige izenarekin ezaguna. Intxaurrondoko kaleetako lau eskultura lan garrantzitsu izango dira BAI Topaketen gai nagusia: Hazteko Moduak, Koldobika Jauregirena, Ume-jolasak eta Siluetak, Agustin Ibarrolarenak, eta Monolitoa, Equipo 57 taldearena.
Egitarauari dagokionez, praktika artistikoari eskainiko zaio larunbata, jende guztiarentzako hiru familia tailerrekin. Intxaurrondoko kultura etxean egingo dira tailerrak, laster iragarriko ditugun artistekin.
BAI Topaketen hirugarren edizio honetako egitaraua osatzeko, Igande Itzela ospatuko da ekainaren 9an. Auzoan zehar egingo den museo erako ibilbide batekin, bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutuko dituzte bisitariek. Ana Esmith-Miss Beige BAI Topaketen III. edizioko artista gonbidatuaren proposamena ere ezagutu ahal izango dugu ibilbide horretan; Koldobika Jauregiren Hazteko Moduak eskultura interpretatuko du, Logelako sekretuak performancearekin.