Zer da Cervantes plazako zutabe zatia?
Cervantes plazako lorategietan, izkina batean, bada zutabe zati bat, garai batean bertan egondako monumentu baten azken arrastoa dena. Hala ere, hori ez da plazak izan duen monumentu bakarra.
Kontxatik paseatzen, akaso, ohartuko zineten Cervantes plazan zutabe zati bat dagoela; ohartu ez bazarete, esku artean duzuena irakurri ostean, plazan ikusiko duzuen lehenengo gauza izango da, ziur. Hain zuzen ere, plazari Espainiako idazle ezagunaren izena eman zion monumentuaren azken arrastoa da.
1905ean, Miguel de Cervantesek El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha eleberria argitaratu zuenetik 300 urte bete ziren. Urteurren horren bueltan, zutabe formako monumentu bat eraiki zuten Alderdi Ederren eta Hernani eta Andia kaleen arteko triangeluan; hortik aurrera, Cervantes plaza izatera pasatu zen triangelu hori.
Harriz eta marmolez egindako monumentuak farola gisa funtzionatzen zuen, lau bonbilla baitzituen erdialdean eta beste bat goialdean. 60 urtez baino gehiagoz egon zen zutik monumentua, harik eta 1973an Cervantes plazako aparkalekua eraiki zuten arte.
Aparkalekua eraikitzeko lanak zirela eta, monumentua desmuntatu egin zuten. Hain zuzen, 1973an bertan jarri zuten egun plazan jarraitzen duen On Kixoteren eta Santxo Panzaren estatua, Lorenzo Coullant Valera artista sevillarrak egindakoa. Monumentua biltegiratuta egon zen urte luzez, eta, 2011n, Cervantes plaza berritu ostean, kontserbatzen zen zati bakarra bertan jarri zuten, oroigarri gisara, eta hori da egun hor dagoena.
Sarraskiaren mendeurrenekoa
On Kixoteren inguruko eleberriaren omenezko monumentua ez zen izan XX. mendean Cervantes plazan egon zen bakarra. Izan ere, plazari izena eman zion zutabea eraiki eta zortzi urtera, 1913an, ehun urte bete ziren espainiarren aliatu ziren armada ingeles, eskoziar eta portugaldarrek hiria erre eta sarraskitu zutenetik, eta, mendeurrenaren harira, plazan monumentu bat eraikitzea erabaki zuen udalak.
Lehiaketa publikora atera zituzten monumentuaren diseinua eta eraikuntza. Hala ere, diseinua ez zen guztiz askea, izan ere, Maria Cristina Espainiako erreginak hiriaren garapenean garrantzi handia izan zuela iritzita, monumentuak haren eskultura bat eduki behar zuela erabaki zuen udalak.
Horrela, Javier Luque sevillarra eta Julian Apraiz gasteiztarra izan ziren lehiaketaren arkitekto irabazleak, eta beraiek egin zuten monumentua. Zutabe bat zuen erdigunean monumentu horrek ere, baina bestea baino handiagoa. Fenix hegazti bat —hiria bere errautsetatik birsortu zela erakusteko—, Maria Cristinaren brontzezko eskultura bat eta material bereko bi lehoiren eskulturak, koadriga bat eta hiria berreraikitzen hasi aurretik Zubietan egin zen bileraren errepresentazioa zituen monumentu handiak.
Oroigarria, ordea, ez zen herritar gehienen gustukoa izan, eta eztabaida piztu zuen lehenengo egunetik. Hori dela eta, hamar urte eskas baino ez zituen iraun zutik, 1924an, udalak monumentua desmuntatzeari ekin baitzion.
Multzoa osatzen zuten elementuak hainbat lekutatik banatu zituen udalak: fenix hegaztia eta beste elementu batzuk Urgulleko Ingelesen hilerrira eraman zituen, Zubietako bileraren errepresentazioko eskulturak Irun plazako biribilguneko Ateak eskulturaren parte dira eta Maria Cristinaren eskultura Ondarretan jarri zuen udalak. 36ko gerran, ordea, urtu egin zuten munizioa egiteko. Hain zuzen ere, egun Ondarretan dagoen Maria Cristinaren eskultura 1940ko hamarkadan egindako erreplika bat da.