Zinemaldiak lehen sektorearen inguruko film laburrak sarituko ditu
Aurten, gainera, euskal zinemagile ospetsuak gonbidatu ditu, lehiaketatik kanpo euren film laburrak aurkeztera.
Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak Eusko Label film laburren lehiaketaren bigarren edizioa egingo dute aurten, Euskadiko gertuko produktua zinemaren bitartez zabaltzeko. Gertuko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren bizimodua bultzatzea eta ezagutaraztea du xede egitasmoak, eta aurten, berritasun gisa, euskal zinemagile ospetsuen bost film labur izango ditu, lehiaketaz gain.
Eusko Label lehiaketa
Iaz, bezala, film laburren lehiaketan izena emateko, Zinemaldiaren webgunera jo beharko da gaurtik hasita, ekainaren 17ra arte. Antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, lanek gehienez hiru minutuko iraupena izango dute, eta telefono mugikorrarekin eginak egon beharko dira. Gaiari dagokionez, bestalde, Eusko Label sailaren helburuekin lotuta egon beharko da. Hala, landa inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaldu beharko ditu ekoizpenak.
Lan guztiak biltzerakoan, Zinemaldiaren Hautespen Batzordeak dozena erdi film labur aukeratuko ditu, eta adituen epaimahai batek izendatuko ditu bi sarien irabazleak. Lehenak 6.000 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak, 4.000 euro. Saritutako filmak Zinemaldian proiektutatuko dira eta sariak, berriz, amaierako galan banatuko dituzte.
Lehiatuko diren sei lanez gain, Eusko Label sailak Donostia Zinemaldiak ekoitzitako bost film labur izango ditu aurten. Film horiek HAZIren balioak sustatzeko euskal esparruko bost zinemagile ezagunek sortuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.