Gernika-Palestina mugimenduarekin bat egin dute Alderdi Ederren
'SOS Rafah' lelopean, 400 bat lagun elkarretaratu dira gaur eguerdian, udaletxearen aurrean.
Israel Palestinan egiten ari den “genozidioa” salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan. Donostian ere bat egin dute Gernika-Palestina mugimenduak deituriko mobilizazioarekin. Horrela, SOS Rafah lelopean, 400 lagun inguru elkartu dira eguerdian Alderdi Ederren, udaletxearen aurrean.
Irati Jimenez idazleak idatzitako testua hainbat hizkuntzetan irakurri dute Alderdi Ederren. Jarraian irakur dezakezue:
“Gernikako herriak badaki zer den basakeria eta badaki basakeriaren ostean eta berarekin batera etortzen direla gezurrak beti, etortzen direla beti iruzurra eta engainua. Gernikako herria bonbardatu zuten faxistek horrore berri bat inauguratu zuten eta horrore berri hori tapatu egin nahi izan zuten, ezkutatu eta ukatu. Hildakoak hiltzaile bihurtu, biktimak borrero, errugabeak errudun. Ez zuten lortu. Herriak badaki zer den egia eta ez du ahaztu. Iragan mendean, Gernikak bere izena daraman kapitulu berri eta ilun bat zabaldu zuen horrore unibertsalaren historian baina engainuaren historia unibertsalean ez dago Gernikaren izena daraman kapitulurik. Gernikak ez du gertatu zitzaiona ahaztu, eta historiaren tribunalaren aurrean frogatu du herri txiki batek gezur handi bati aurre egin diezaiokeela.
Palestinarrena da orain historiatik erauzi nahi duten herria. Palestina da orain basakeria berri baten protagonista, apenas imajinatu dezakegun horrore berri batekin desagerrarazi nahi duten herria. Basakeria hori bizitzea zer izan daitekeen ez dakigu, baina badakigu basakeria zer den. Eta ez diogu beste izenik emango. Herriaren erausketari genozidioa deituko diogu. Okupazioa okupazioa dela esango dugu. Soldadurik ez daukan herria soldaduekin erasotzeari ez diogu gerra deituko. Herriari bere ospitaleak kentzeari, bere unibertsitateak suntsitzeari, bere haurren eskolak eta bere haurrak desagerrarazteari ez diogu zibilizazioa deituko, ez dugu defentsarako eskubidearen izenean onartuko, ez dugu engainu horretan parte hartuko, ez dugu palestinarren herria iruzurraren eta engainuaren aurrean entregatuko.
Humanitatearen kontrako krimen honen aurrean ezer egingo ez bagenu, geure humanitatea entregatuko genuke. Ez dugu geure humanitatea entregatuko. Ez dugu amorerik emango.
Ez gara izango herri oso batekin bukatu nahi duen Estatu kriminal baten konplizeak, ezta ere Estatu horren konplizeak diren beste Estatu guztiak bezain kriminalak. Palestinarren genozidiori aurre egingo diogu.
Aldarri bat entzuten da, palestinarren herritik datorrena. Hemen, Euskal Herrian. Hemen, Gernikan. Herri bat entzuten dugu, laguntza eske, aldarrika. Animatzen zaituztegu hurrengo asteetan egongo diren mobilizazioetan parte hartzera. Hemendik gure elkartasuna munduan zehar #StudentForGaza dinamikan ari direnentzat eta Euskal Herrian, besteak beste, astelehenean kalera irtengo diren ikasleentzat.
Palestinako herria da aldarri egiten diguna, palestinarrak dira ordu ilun honetan laguntza behar dutenak eta harrizko herri honek aldarri horri erantzun nahi diolako, eman diogu herri bezala Palestinari behar duen laguntza hori”.