Antiguako Erraldoi Eguna egingo dute larunbatean
Antiguako Loretope konpartsak Erraldoien Eguna antolatu du bigarrenez maiatzaren 18an, egitarau zabal batekin. 11:00etatik aurrera, hamasei erraldoi buruhandiz lagunduta ibiliko dira auzoko kaleetan zehar. Ibilbidea Gaskuina plazatik hasiko da, Matia kalea eta Sert plaza zeharkatu eta Julio Caro Baroja plazaraino iritsiko dira. Ondoren, Benta Berri plazara itzuliko dira, kiroldegitik igaro ondoren.
Bertaratzen direnen gozamenerako, 12:00etatik aurrera, Benta Berriko plazan txikientzako makarroiak eta tortilla pintxoak egongo dira, eta bazkaria ere bertan egingo dute, 13:30etik aurrera. Paella, oilaskoa eta saltxitxa ogitartekoak eskainiko dituzte antolatzaileek. Edalontziak etxetik eraman beharko dira. Bazkalostean, marrazki tailerra eta bingoa izango dira.
18:00etatik aurrera, Kita del Pare txarangak auzoko kaleak alaituko ditu eta egunari amaiera emateko, 18:30ean, Benta Berriko plazatik zezensuzkoa aterako da, familia osoarentzako ikuskizun gisa.