Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Donostian, kalean arma zuriekin izandako borroka batean parte hartzea leporatuta
Ertzaintzak 29 eta 32 urte arteko hiru gizon atxilotu zituen astelehen arratsaldean Donostian, arma zuriak eta inguruko tabernetako aulkiak erabilita, “liskar nahaspilatsu” batean parte hartzea leporatuta. Liskarra 17:15ak aldera gertatu zen, Erdialdeko Bengoetxea kalean, sareetan zabaldu den bideo batean ikus daitekeenez. Ertzaintzak azaldu duenez, borrokaren lekukoen arabera, pertsona batzuek aizkora bat eta labana bat erabili zituzten liskarrean, eta labana inguruko zakarrontzi batean aurkitu zuten gero.
Liskarraren inguruko abisua jasotzean, Ertzaintza Bengoetxea kalera bertaratu zen, eta, azaldu duenez, agenteek “hainbat pertsona elkarri eraso egiten ikusi zituzten, inguruko terrazetako altzariak erabiliz”. Ertzaintzaren arabera, gehienek alde egin zuten bertaratutako patruilaren autoa ikustean, “baina hiruk borrokan jarraitu zuten agenteak tartean sartu eta banandu zituzten arte”. “Aldeen eta lekukoen bertsioa entzun ondoren, polizia baliabideek hiru pertsonak atxilotu zituzten liskar iskanbilatsuan parte hartzearen delitua leporatuta”, gaineratu du Ertzaintzak. Atxilotu guztiek polizia aurrekariak dituzte, eta datozen orduotan jarriko dituzte epailearen eskuetan.