Isuri Gutxiko Eremuaren proiektua onartu du udalak
Aurreikusita zegoen moduan, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onarpena eman dio Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) proiektuari, eta baita 2024-2029ko aldirako Donostiako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari ere. Halaber, hasierako onarpena eman dio airearen kalitatea hobetzeko eta klima aldaketa arintzeko eta IGE arautzeko udal ordenantza proiektuari.
Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eta Juantxo Marrero Ekologiako zinegotziek joan den astean aurkeztu zuten IGE proiektuaren behin betiko bertsioa. Parte Zaharra, kaia eta Erdialde osoa hartzen ditu bere gain, eta urte amaieran edo 2025eko hasieran sartuko da indarrean, udalaren aurreikuspenen arabera. Lehenengo hiru urteetan, ingurumen bereizgarririk ez duten ibilgailu motordunek ezingo dute eremu horretan sartu —egoiliarrak eta bestelako salbuespen batzuk izan ezik—, eta B bereizgarria dutenak ere ezingo dira sartu 2028tik aurrera.
Hori kontrolatzeko eta arau hausteak zigortzeko, hamar kamera jarriko ditu udalak IGEren sarbideetan, eta isunak 200 eurokoak izango dira.