Martuteneko Villa Oyon eraikina hustu dute berriz ere
Martuteneko Villa Oyon eraikina hustu dute astearte goizean Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak. Hamabi pertsona atera dituzte eraikinetik, eta horietako zortzi Espainiako Poliziaren dependentziara eraman dituzte, atzerritartasunarekin lotutako izapideak egitera.
Eraikina etxerik gabeko pertsonek okupatuta dago aspalditik, baina egoera txarrean dago, eta, hain zuzen ere, sute bat gertatu zen bertan hilaren 5ean, eta Poliziak hustu egin zuen. Donostitik hedabideak baieztatu duenez, udaleko Hirigintza eta Osasun Sailetako teknikariak hara joan dira sutearen ostean eraikinaren egoera zein den aztertzeko, eta barruan berriz ere jendea zegoela ikusita, Udaltzaingoak eraikina husteari ekin dio.
Hilaren 5eko sutearen harira, ezbehar gehiago gertatu ez daitezen, eremu horretan esku hartzeko eskatu zion Sarroeta auzo elkarteak Donostiako Udalari.