Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte Ikasbiden, Orixen eta Zurriola Maritimon
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du hiriko hiru eraikinetan eguzki instalazio fotovoltaikoak jartzeko, legeztatzeko eta abiarazteko proiektua. Zehazki, Loiolako Erriberako Ikasbide ikastetxean, Parte Zaharreko Orixe ikastetxean eta Groseko Zurriola Maritimo eraikinean jarriko dituzte plaka fotovoltaikoak. Proiektuaren aurrekontua 139.860 eurokoa da.
Lanak adjudikatzen direnean, zortzi hilabeteko epean egin beharko dira, eta 102 kWn-ko potentzia izango du instalazio bakoitzak. Horrela, udalaren aurreikuspenen arabera, sare elektrikoan kontsumitutako energia elektrikoa 99.249 kWh aurreztuko da, eta 20 tona CO2 gutxiago isuriko da. Halaber, urtean 23.000 euro inguru aurreztuko dira, zergak barne.
Zuhaiztiko birgaitze energetikoa
Energia gaiekin jarraituz, udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Zuhaizti eskolako (Biteri eraikina, San Frantzisko kalea, 7) fatxadetako inguratzaile termikoaren birgaitze energetikorako egikaritze proiektuan jasotako obren kontratazio espedientea. Lizitazioaren aurrekontua 564.187 eurokoa da eta gauzatzeko epea sei hilabetekoa.
Lanek eraikinaren sestra gaineko fatxadei dagokien inguratzailearen birgaitze energetikoan eragingo dute, esku hartze hauekin: fatxada aireztatua egingo dute, pieza zeramikoekin eta artile mineralaren isolamendu termikoarekin; argizulo berriak egingo dituzte, emisio gutxiko beira bikoitzekin eta eguzki kontrolarekin eta markesina jarriko dute, eraikinera sartzeko atean.