Sentsibilizazioa, ikuskapenak eta formakuntza izango dira Parte Zaharreko Arrisku Planaren ardatzak
Azken hilabeteotan, areagotu egin da Parte Zaharreko suteen inguruko kezka, eta, horren aurrean, Parte Zaharreko Arrisku Plana garatu du Donostiako Udalak. Parte Zaharrean egin dute planaren aurkezpena astearte goizean, eta Eneko Goia alkateak, Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi Mariaje Idoetak eta Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotzi Martin Ibabek hartu dute parte. Alkateak nabarmendu duenez Ostalaritza Elkartearen, Parte Zaharreko bizilagunen komunitateen, Iberdrolaren eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren laguntzarekin garatu du udalak plana.
Lehenik eta behin, Goiak Parte Zaharreko suteen inguruko datuak eman ditu: “2021etik gaurdaino gertatutako sute gehienak etxebizitzetan gertatu dira, 34, zehazki. Ostalaritza establezimenduetan bederatzi gertatu dira eta bost bestelako establezimenduetan”. Alkateak nabarmendu du datuek erakusten dutela arlo guztietan eragin behar duela planak. Planak Parte Zaharra osorik, ekialdeko zabalgunea eta kaia hartzen ditu kontuan, eta Parte Zaharrean segurtasun bermatzea du helburu, suteei dagokionez.
Hiru ardatz izango ditu planak: auzotarrentzako informazio, formazio eta sentsibilizazio kanpaina; arriskuen prebentziorako datuak hartzea eta establezimenduen egungo egoera aztertzea eta establezimenduetako langileei suteak prebenitzeko eta itzaltzeko formazioa ematea.
Etxebizitzei dagokienez, alkateak azaldu duenez, aurreikusita dago etxebizitza guztietara helaraztea suteak prebenitzeko informazioa eta auzotarren komunitateei aholkularitza eskainiko zaie suteak itzaltzeko detektoreak edo elementuak jartzeko.
Establezimenduei dagokienez, aldiz, ikuskapenak egingo dituzte, udaleko Hirigintza Sailaren, Donostiako Suhiltzaileen, Udaltzaingoaren eta Osasun Sailaren irizpideak kontuan hartuta. Egungo egoeraren gaineko eta suteak detektatzeko, lokalak husteko, alarma egoera aditzera emateko eta sua kontrolatzeko eta itzaltzeko dituzten neurrien gaineko datuak hartuko dituzte ikuskapenetan, baita suteen aurkako segurtasuna hobetzeko aholkuak eman ere. Horrez gain, instalazioak, garbiketa eta desinfekzioa, produktuen identifikazio eta kontserbazio egoera eta establezimenduetan arriskuen prebentzioa hobetzeko baliagarria izan daitekeen dokumentu gehigarriak ere aztertuko dituzte. Goiak azaldu du helburua dela lan urte batean Parte Zaharreko establezimendu guztiak ikuskatzea.
Bestalde, establezimenduetako langileei suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ikastaroak emango dizkie udalak. Alkateak nabarmendu duenez, helburua da lan txanda guztietan arlo honetan formazioa duen langileak daudela bermatzea. Goiak nabarmendu du planak “etengabeko hobekuntza prozesua” zabalik izango duela, eta egin beharreko egokitzapenak egiten joango direla.