Zazpi film labur aukeratu ditu aurten Kimuak programak
Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bultzadaz antolaturiko Kimuak programaren 27. ediziora aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu dira katalogoa osatzeko. Honako hauek dira hautatuak: Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Errotatiba (Iratxe Fresneda), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Exergo (Jorge Moneo Quintana), Patrimonio (Aitor Abio), Todo lo cubre la sal (Joana Moya Blanco) eta Utländsk (Alba Lozano).
Film horiek Alaitz Arenzana, Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendari artistikoak, Claudio Zilleruelo Acra, Black Canvas Zinema Garaikidearen Jaialdiaren sortzaile eta zuzendari artistikoak, eta Xavi Herrerok, Ibizacinefest-Cinema Independent d’Eivissaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari eta programatzaileak aukeratu dituzte.
Aurtengo katalogoak fikzioa, ez-fikzioa, entsegua, dokumentala eta animazioa jasotzen ditu. Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta hirugarren bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi osoki gaztelaniaz eginak daude, eta azken biek ez dute elkarrizketarik. Zazpi laburretatik lau emakumezkoek zuzendu dituzte, eta hiru egileen lehen edo bigarren filmak dira.
Urteroko legez, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira hemendik aurrera.