Donostiako taxi tarifak estatuko garestienak dira
Donostia da taxi tarifa garestienak dituen estatuko hiria, Facua kontsumitzaileen eskubideen defentsarako erakundeak plazaratu berri duen ikerketaren arabera. Donostia hainbat urtez egon da taxi tarifa garestienak dituzten hirien artean, baina oraingoan lehenengo postuan dago. Facuak Espainiako Estatuko 57 hiritako tarifak aztertu ditu, eta Ourense hiri galiziarra eta Gasteiz arabarra dira bigarren eta hirugarren garestienak, hurrenez hurren. Aldiz, Ceuta, Las Palmas, Cadiz eta Huelva dira tarifa merkeenak dituztenak.
Gutxieneko lasterketa edo kilometro bateko ibilbidea, bost kilometroko ibilbidea eta hamar kilometroko ibilbidea dira Facuak 57 hirietan aztertu dituenak, baita guztiak eguneko, gaueko eta asteburuetako gaueko tarifekin aztertu ere. Horrela, hiririk garestienaren eta merkeenaren arteko aldea %66,8koa da. Distantzia laburragoetarako, hiririk garestieneko prezioa merkeenekoa halako bi baino gehiago izan daiteke; hain justu, %105,7ko aldea dago Zaragozaren (2,90 euro) eta Donostiaren (5,96 euro) artean lanegunetako eguneko ordutegian, kilometro bateko ibilbidean. Halaber, tarifa kontzeptuen artean, hirien arteko aldeak %328ra iristen dira eguneko banderaren jaitsieran eta %244,8ra gaueko banderan.
Donostiako prezioei dagokienez, ikerketaren arabera, kilometro bateko ibilbide bat eginez gero, 5,96 euro ordaindu behar dira egunez eta 6,91 euro gauez zein asteburuan gauez. Bost kilometroko ibilaldi bat eginez gero, 8,90 euro ordaindu beharko dira egunez eta 11,46 euro gauez zein asteburuan gauez. Eta hamar kilometroko ibilaldia eginez gero, 13,08 euro ordaindu beharko dira egunez eta 17,96 gauez zein asteburuan gauez. Horrela, 2023ko datuekin alderatuta, %5,7ko igoera izan dute Donostiako taxi tarifek.