Emakumezkoen eta gizonezkoen zesta-punta txapelketak egingo dituzte Karmelo Balda pilotalekuan
Donostiak gizonezkoen eta emakumezkoen bi txapelketa hartuko ditu larunbat honetatik ekainaren 15era bitarte. Txapelketako partidak arratsaldeko seietan izango dira, Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan. Donostiako Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek adierazi du Donostiako kirol patronatuak “lehentasunen artean” duela “hirian pilota bultzatzea”.
Gabarainekin batera izan dira Jai Alive enpresako Mikel Egiguren eta Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez, ekitaldiaren prentsaurrekoan. Dominguezek ekimena babestu du, “kultura eta tradizioa” balioesteaz gain, “eskaintza turistikoari balio erantsia ematen diolako”. Foru diputatuaren arabera,”txapelketa horrek Lurraldeak eskaintzen dituen jarduera turistikoen eskaintza zabaltzen laguntzen du eta, gainera, denboralditik kanpo egiten du, jarduera turistikoa urtarokotasuna kentzeko helburuan lagunduz.
Bestalde, Egigurenek erakundeen babesa eskertu du eta “zesta-punta inoiz baino indartsuago” datorrela berretsi du. Adierazi duenez, gizonezkoen lehiaketan, “hamabi puntista lehiatuko dira txapel preziatua eskuratzeko”. A multzoa Erik-Atain, Hogei-Ekhi eta Basterra-Laborde bikoteek osatuko dute, eta B multzoan, berriz, Goitia-Ibarluzea, Bixente-Oyhenard eta Celaya-Bailo bikoteek. Liga ekainaren maiatzaren 18tik ekainaren 1era bitarte jokatuko da, finalerdiak ekainaren 8an eta finala 15ean.
Emakumezkoen txapelketan berriz, Erika-Oaia, Ahart-Frida, Maite-Naroa eta Elaia-Arai puntistek osatutako bikoteek jokatuko dute lehiaketa. Lehenengo finalaurrekoa ekainaren 1ean izango da eta bigarrena 8an. Finala, berriz, ekainaren 15ean iegingo dute, gizonezkoen antzera.