PPk dio Mirakontxa pasealekuko errei bateko zati bat erabilgaitz egotea udal gobernuaren «utzikeriaren» ondorio dela
Mirakontxa pasealekuko 10. zenbakian, eskuineko erreiko zati bat itxita dago, bertan kokatuta dagoen Iberdrolaren transformazio zentroan egiten ari diren lanak direla eta, eta Alderdi Popularra haserre agertu da horrekin. Izan ere, PPren bozeramaile Borja Corominasen ustez, “onartezina da gobernu taldeak hilabeteak pasatzen uztea eta trafiko errei bat, hiriko sarbideetako batekoa, hainbat hilabetez erabilgaitz egotea, udalak esku hartu gabe eta arduradunak arazoa konpontzera behartu gabe”.
Corominasen arabera, pandemiaren aurretik ere itxita egon zen eremu bera “denbora luzez”, ondoren ireki zutela eta orain berriz ere itxi egin dutela, “irtenbiderik eman gabe”. “Gobernu honen utzikeria erabatekoa da Mirakontxa pasealekuko 10. zenbakiaren parean dagoen erreiarekin gertatzen ari denari dagokionez. Donostiarrek merezi ez duten arduragabekeria da, eta ziur nago proposamen bakarra ezkutatzen duela: Donostiaren mugikortasuna oztopatzea, trafikoa gure hirian kaosa izan dadin ahal den guztia egitea”, gaineratu du bozeramaile popularrak.
Halaber, Corominasen ustez, “donostiarrak nekatuta daude Donostian dagoen eta egunero sufritzen duten zirkulazio kaosarekin”. Horregatik guztiagatik, hilaren 30eko udalbatzarrean eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu du PPk udalean, udal gobernuari eskatzeko “Iberdrolari eskatu diezaiola hilabeteko epean konpon ditzala Mirakontxa pasealekuan dagoen transformazio zentroaren arazo teknikoak, kale horretako ibilgailu trafikoan eragin larria izaten ari direnak”.