Udalaren aitortza jaso dute Llopis eta Zudaire igerilariek
Donostiako Udalak harrera egin zien atzo arratsaldean Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari donostiarrei. Bi kirolariek udalaren oroigarria jaso zuten Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik, baita udal korporazioaren ordezkarien txalo zaparrada ere. Hitza hartzean, Eneko Goiak hiriaren izenean zoriondu zituen: “Berriro ere bi donostiar protagonista handiak izan dira Europako txapelketa batean. Hiriko izena gailurrera eramaten. Oso harro gaude zuetaz, baina ez bakarrik horrelako lorpen handiak ekartzen dituzuelako, baita egiten duzuen lanarekin hiriko jende askorentzat eredu zaretelako ere”.
Madeiran jokaturiko Europako Txapelketan urrea irabazi du Llopisek bizkar estiloko 100 metroko proban. Horrekin batera, brontzezko hiru domina eskuratu ditu, bular estiloko 100 metroko proban, 34 puntuko estiloetako 4×100 metroko proban eta estilo libreko 100 metrokoan. Nahia Zudairek, berriz, zilarrezko domina lortu du estilo libreko 400 metrokoan, eta brontzezko bi domina, bular estiloko 100 metroko proban eta 34 puntutako era askeko 4×100 metrokoan.
Lorpenen zerrenda luze horrekin, Goiaren esker hitzak jaso zituzten egunero egiten duten lanagatik, eta zorterik onena opa zien datozen hilabeteetan izango dituzten erronketarako, tartean Parisen egingo diren Paralinpiar Jokoetarako.