«Auzorako konponbide baten alde eta Poliziaren indarkeriaren aurka» elkarretaratuko dira Egian
Guztiontzako Egia auzotar sareak elkarretaratzera eta kale topaketara deitu du ostiralerako (hilak 17) Egiako Blas de Otero plazan, 19:00etan, “Poliziaren indarkeriaren aurka eta auzorako konponbideen alde”. “Egian, azken urteotan, delituak areagotzen ari direla eta, presentzia poliziala handitzen ari da auzoan, eta honek arazoa baretu ordez, arazoa handitu besterik ez du egiten. Etengabeak dira jatorri atzerritarreko herritarrei egiten dizkieten miaketa, jazarpen, kontrol eta gehiegikeriak, delitugile izan edo ez. Estigma handitzea dakar horrek, eta bazterkeria kronifikatzea”, azaldu dute.
Horrela, joan den astean zabaldutako bideoa gogoratu dute, non ikusten den ertzainek gazte bat atari baten barruan sartu zutela, operazio batean: “Gure iritziz bada garaia nahikoa dela adierazteko”, nabarmendu dute.
Era berean, herritar ugari kezkatuta dituen arazoari aurre egiteko, neurri sozialak eskatu dizkiete erakundeei: “Polizia indarkeriaren ordez, erakundeei eskatzen diegu irtenbide sozialen aldeko apustua egiteko eta kale egoeran dauden herritarren bizi baldintzak hobetzeko. Guztiontzako Egia auzotar sareak komunitate migranteekin elkar ezagutza, elkar zaintza eta elkartasuna sustatzeko egitasmoak martxan jarriko ditugu, segurtasunaz hitz egitean, guztion segurtasunaz hitz egin dadin”.