Euskararen aldeko herri danborrada egingo dute ostiralean
Etxepareko Ikasle Asanbladak ostiral honetan (hilak 17) Euskal Herri osoan mobilizatzera deitu du, azterketak euskaraz egitearen eskubidearen alde. Horren harira, herri danborrada antolatu dute Donostian, 18:00etan, Egiako epaitegietatik Bulebarreraino. Ez da beharrezkoa danbor profesional bat eramatea, norberak bere etxean egindakoa ere eraman baitezake.
Gogoratu behar da Azterketak Euskaraz kolektiboak urte luze daramatzala Ipar Euskal Herriko ikasleek egin beharreko baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzen. Hain zuzen ere, 23. Korrikak kolektiboa omendu zuen, euren borroka nekaezinarengatik.