Hitzarmen propio bat aldarrikatzeko mobilizatu dira sorosleak
ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratu dira ostegun honetan Gipuzkoako hondartzetako sorosleak, lan hitzarmen propio bat nahi dutela aldarrikatzeko. “Hitzarmen propioa nahi dute, euren lan baldintzak parekatzeko Gipuzkoako beste titularitate publikoko kirol instalazioetako langileekin, eta aldundiari eskatu diote kudeaketa osoa bere gain har dezala. Gipuzkoako kostako zortzi udalerrik dituzte hondartzak, Hondarribitik hasi eta Mutrikuraino. Udaro, 200 pertsona inguruk jarduten dute sorosle gisa, eta zerbitzu hori BPXport, Gurutze Gorria eta Jaso Kirol Zerbitzuak enpresek kudeatzen dute”, azaldu du ELA sindikatuak. %85,71ko ordezkaritza dauka sindikatu horrek sorosleen sektorean.
Gogorarazi dute 2023ko irailean lehen aldiz sektoreko hitzarmen propioa lortzeko aukera sortu zela, eta abian jarri zela negozioazio mahaia: “ELAk hasieratik defendatu zuen Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboko lan baldintzak berdintzea, negoziazioen aurretik hori baitzen erreferentziatzat hartzen zen hitzarmena. Izan ere, egun, 6.000 euroko aldea dago igerilekuetako eta hondartzetako sorosleen soldatetan. Lanaldiari dagokionez, astean 39 orduko lan jarduna dute, eta ELAk 35ekoa izan dadila eskatzen du”.
Halaber, kudeaketa aldundiak bere gain hartzea nahi dute, eta ez udalek: “Ezinbestekoa da hori, hondartzetako zerbitzua guztietan baldintza beretan eskaintzeko, Bizkaian egiten den gisan.
2023ko abenduaren 13an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran proposamen hori bozkatu eta gehiengoz onartu zen arren, aldundiak ez du martxan jarri, eta zortzi hilabeteren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dute langileek”, salatu dute.