Parte Zaharreko jarduerarik gabeko tabernen iraungitzea eskatu du auzo elkarteak, berriz ere
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hamaika ostalaritza establezimenduren lizentzia jarduera eteteko eskatu zion Donostiako Udalari, funtzionamendurik ez dutelako. Udalaren erantzunik jaso ez zutenez, Arartekoari kexa bat aurkeztu zioten. Izan ere, salaketa egin ondoren, udalak azaldu zuen hiru establezimenduren erantzuna baino ez zuela jaso, eta “hasierako eskaeran eta ondorengo idazkietan jasota dauden gainerako tabernen iraungitze espedienteak ebatzi gabe daudela oraindik”.
Arartekoak auzo elkartearen kexa aintzat hartu zuen, eta erantzuna bidali berri diete. Arartekoak dio udalak ez duela auzo elkartearen eskaera aintzat hartu bere isiltasunarekin, eta ez dituela herritarren eskubideak kontuan hartzen. Lizentziei dagokienez, kopurua gutxitzea planteatu beharko litzatekeela adierazi dute, “auzoan bizimodu osasungarriarekin bateragarria den ratio lortu arte”.
Auzo elkarteak, Arartekoaren erantzunetik beste hainbat ideia nabarmendu ditu: “Udalak aurkezten diren idazkiak jaso izanaren berri emateko betebeharra, eta zentzuzko epean modu kongruentean eta arrazoituan erantzuteko betebeharra; Udala ezin da inola ere bere betebeharretatik inhibitu, lokaleko arduradunek jarduerari berriro ekiteko itxaropenean oinarrituta espedientea luzatuz. Udalaren esku-hartzean izandako atzerapenak ez du justifikaziorik; Beharrezkoa da Udalak ofizioz esku hartzea establezimendua itxi dela egiaztatzeko, egiaztapen hori hasteko partikular baten eskaera edo salaketa itxaron gabe; eta jarduera lizentziak iraungitzat jotzeak aukera emango luke Alde Zaharrean dauden ostalaritza establezimenduen kopuru handiaren presioa arintzeko”.