Arrantzontzi bat Kontxan hondartuta
Bisitari ezohiko bat izan zuen Kontxako hondartzak 1908an: Alfonso XIII bapore arrantzontzia. Hareatzan hondartuta gelditu zen, eta ia lau hilabete pasatu zituen han geldirik.
Arrantzaren sektoreak grebari ekin zion Galizian 1908ko otsailean, baina bapore arrantzontzi batzuek ez zuten grebarekin bat egin, eta kostalde galiziarretik aldendu ziren, lan egiten jarraitzeko. Horietako bat zen Alfonso XIII ontzia, baina ez zitzaion merke atera grebarekin bat ez egitea; egun batzuk ez gelditzeagatik, lau hilabete eman baitzituen geldirik.
1908ko otsailaren 20a zen, eta aipaturiko arrantzontzia Kontxako hondartzan hondartuta agertu zen. Jose Maria Leclercq historia dibulgatzaileak Poniendo Rostros blogean jaso zuen istorioa, 2015ean.
Aurreko eguneko iluntzean heldu zen ontzia hirira, eta 20:30ean ainguratu zuten badian, 03:30ak aldera itsasora arrantzara ateratzeko asmoz. Ordea, 01:30ean, zarata eta dardara arraro batzuek tripulazioa esnatu zuten.
Zer gertatzen zen? Bada, itsasoaren egoerak okerrera egin zuela eta ontzia hondartzaraino bultzatu zuela, baita hondartuta utzi ere. Tripulazioko kideak saiatu ziren ontzia handik ateratzen, baina beranduegi zen; itsasontzia Kontxan harrapatuta zegoen.
Uztailera arte ez zuten atera
Hurrengo egunetan, arrantzontzia flotagailu indartsu batzuk erabilita hondartzatik ateratzen saiatu ziren, baina saiakerak ez zuen arrakastarik izan. Hain zuzen ere, ekainera arte itxaron behar zuen Alfonso XIII ontziak bere etorkizunean argi izpiren bat ikusteko.
Izan ere, ekainean, Barbeito, Rodriguez y Compañia salbamendu konpainia galiziarrari agindu zizkioten arrantzontzia Kontxatik ateratzeko lanak. Finisterre atoiontzia ekarri zuten badiara, eta, azkenean, uztailaren 13an, arrantzontzia hondartzatik ateratzea lortu zuten. Leclercqek dioenez, 6.000 herritar bildu ziren Kontxaren inguruan, ontzia nola flotarazten zuten ikusteko. Finisterre atoiontziak Pasaiako porturaino eraman zuen arrantzontzi galiziarra, bertan konpondu zezaten, eta han bukatu zen Alfonso XIII bapore arrantzontziaren Donostiako abentura