Bretxaren etorkizunaren inguruko galdeketak kalera aterako du EH Bilduk hurrengo bi larunbatetan
Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa publikoa izango da EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk sinaturiko akordioari esker. Halaber, Arrandegi eraikinean osasun zentroa eta kirol instalazioak jarri dituzte, baina etorkizunean, espazio gehiago erabili ahalko ditu udalak. Hori dela eta, Bretxaren etorkizunaren inguruko parte hartze prozesua abiatu du EH Bilduk, eta hurrengo bi larunbatetan, hilaren 18an eta 25an, kalera aterako dute galdeketa: Bretxan bertan egongo dira bi egunetan, 11:00etatik 13:30era.
Horrez gain, Parte Zaharreko Uztaro dendan, Herria tabernan eta Ikatz okindegian ere aurrez aurre bete daiteke galdetegia. Halaber, ekainaren 1era arte, galderak Internet bidez erantzuteko aukera zabalik egongo da, helbide honetan.