Euskara batzordeak, euskara sustatzeko eredu
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak auzoetako euskara batzordeak sustatzen ditu, auzo bakoitzean dauden hizkuntza beharrei erantzun eta normalizazioan urratsak egiteko.
Gaur egun, hamaika euskara batzorde daude Donostian, auzoetan euskara sustatzeko eta auzoan bertan dauden premiei eta beharrei hobeto erantzuteko lan egiten dutenak. Udaleko Euskara Zerbitzuak batzorde horien sorrera sustatzen du ezinbesteko eragile baitira euskararen hiria eraikitzen jarraitzeko.
Donostiako Euskara Zerbitzuarentzat, oso garrantzitsua da auzoak ezagutzeaz gain, auzoak bidegile eta bidelagun izatea euskararen biziberritzean aurrera egiteko. Hau da, auzoetako eragileekin eta bizilagunekin eskutik joatea komenigarria da, guztien artean Donostian euskaraz bizitzea errazteko.
Honakoak dira indarrean dauden hamaika euskara batzordeak: Amara Berri, Altza, Aiete, Añorga, Antigua, Egia, Loiolako Erribera, Intxaurrondo, Gros, Parte Zaharra eta Martutene. Horrez gain, hamabigarren batzordea sortzeko ahaleginetan ari dira Txomiñenea auzoan aurten.
Auzo horietan, euskara sustatzeari dagokionez, batzordea erreferente nagusia izatea da asmoa. Bakoitzak bere errealitatetik urratsak egiten ditu euskararen erabileran aurrera egiteko. Batzordeen ezaugarriak, beraz, desberdinak dira oso. Zenbaiten ardatza aurretik auzoetan sortuta zeuden euskara elkarteak dira: Altza eta Intxaurrondo dira horren adibide argia. 1999an sortu zen Plazara Goaz elkartea Intxaurrondon eta bi urte beranduago, 2001ean, Bizarrain euskara elkartea Altzan.
Beste zenbait batzorde, berriz, euskara sustatzeko asmoz bildutako hainbat eragile edo pertsonen borondateari esker sortu dira. Merkatariek, kultur eragileek, auzo elkarte eta kirol elkarteetako kideek, euskaltegiek, eskolek, guraso eta gazte taldeek eta norbanakoek hartzen dute parte batzorde horietan.
Euren egitekoak dira, besteak beste, auzoaren azterketa eta diagnostikoa egitea, euskararen normalizazioak aurrera egiteko helburu zehatzak finkatzea, helburu horiek erdiesteko ekintza plan bat zehaztea, ekintzak garatzea eta jarraipena egitea.
Denak norabide berean
Euskara batzorde bakoitzak Donostiako Euskararen Plan Orokorraren markoa kontuan hartu behar du auzoko helburuak eta ekintzak aurrera eramateko garaian. Bakoitzak bere egoera eta errealitatetik ekarpenak eta urratsak egingo dituen arren, norabide berean ariko dira guztiak.
Udaleko Euskara Zerbitzuaren ardura da norabide berean eta modu koordinatuan aritzea. Lan hori egiteko, Bagera Euskaltzaleen Elkartea kontratatu du. Bagera elkarteko ordezkari bat arduratzen da batzordeak koordinatu eta beraien lana errazteaz, Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikari baten laguntzaz.
Euskara Zerbitzuak diruz lagunduta
Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntzak ematen dizkie urtero auzoetako euskara batzordeei, beren ekintzak eta egitarauak aurrera eramateko. Urtean 40.000 euro banatzen ditu xede horrekin.
Donostiako euskara batzordeak
AIETEKO EUSKARA BATZORDEA
aieteneuskaraz@gmail.com
ALTZAKO EUSKARA BATZORDEA
bizarrain@altza.net
AMARA BERRIKO EUSKARA BATZORDEA
amara.berritsu@gmail.com
ANTIGUAKO EUSKARA BATZORDEA
auzoak@bagera.eus
AÑORGAKO EUSKARA BATZORDEA
idazkaritza@anorgakke.org
EGIAKO EUSKARA BATZORDEA
egiaeuskaraz@gmail.com
GROSEKO EUSKARA BATZORDEA
gros.aek@gmail.com
INTXAURRONDOKO EUSKARA BATZORDEA
plazaragoaz@gmail.com
LOIOLAKO ERRIBERAKO EUSKARA BATZORDEA
euskara.loiolakoerribera@gmail.com
MARTUTENEKO EUSKARA BATZORDEA
martuteneauzoa@gmail.com
PARTE ZAHARREKO EUSKARA BATZORDEA
aitziber4243@gmail.com
Nola baloratzen dituzu Plazara Goazen 25 urteak?
Ontzat ematen dugu iraupena bera, eta 25 urtetan lantalde bat mantentzea. Pertsona asko hasieratik egon dira bertan, eta zentzu horretan, uste dugu Intxaurrondon finkatuta gaudela eta ezagutzen gaituztela. Lokal bat ere badaukagu erreferentzia modura, eta erreferente izatea ere ontzat ematen dugu.
Urtean zenbat jarduera antolatzen ditu Plazara Goazek?
Hainbat jarduera finkoak dira: Euskararen Eguna, sanjoanak, literatur saioak egiten ditugu bi hilean behin, irteerak eta ibilaldiak ere antolatzen ditugu urtean lautan eta Korrikan eta Euskaraldian ere hartzen dugu parte. Hala ere, hilabetero egiten dugu zerbait.
Zein ekitaldi da garrantzitsuena zuen euskara batzordearentzat?
Euskararen Egunari garrantzi handia ematen diogu, auzoan ikusgarritasuna ematen diogulako euskarari eta euskara batzordeari berari. Bestalde, sanjoanetan parte hartzea ere garrantzitsua da, galdutzat ematen ziren jai batzuk zirelako, eta lortu dugulako hor mantentzea eta festari euskal kutsua ematea.
Nola antolatzen zarete jarduerak antolatzeko?
Sare moduko bat dugu eratuta, eta talde horretan 600 pertsona inguru gaude. Bertan dauden guztiei Plazara Goazen egiten dituen egitasmoen inguruko informazioa bidaltzen zaie. Horrez gain, batzar irekiak antolatzen ditugu ekitaldi handietarako, eta bestalde, talde motorra hamabost egunean behin elkartzen gara. Talde motor horrek Bagera elkartearen eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntza jasotzen du.
Gainerako euskara batzordeekin harremana duzue?
Guk Bagerarekin dugu harremana batez ere, baina batzuetan elkartzen gara gainerako batzordeekin ere, hiri mailako foroetan. Uste dugu oraindik beharrezkoak garela, eta askotan elkarri ondo ateratako jarduerak kopiatzen edo gurera ekartzen saiatzen gara.