Gazako genozidioaren amaiera eskatu dute sindikatuek Alderdi Ederren
Sindikatuek deituta, hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dute goizean Alderdi Ederren Palestinaren askapena eskatzeko. ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT LKN, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek antolatu dute deialdia, SOS Rafah, Genozidioa Stop lelopean.
Sindikatuek azaldu dutenez, Euskal Herriko klase politikoa ematen ari den erantzuna ez dago Palestinako herriarekin gertatzen ari den sarraskiaren mailan. “Israel nazioarteko zuzenbide humanitarioa betetzen ari dela ez da nahikoa”, adierazi dute.
Izan ere, uste dute ez dela inolako “erabaki edo ekintza eraginkorrik” ezarri Israelgo krimenak geldiarazteko: “Israel estatu kolonial eta arrazista da, eta 76 urte baino gehiago daramatza garbiketa etnikoa egiten, erabateko zigorgabetasunarekin”.
Palestinan gertatzen ari dena genozidioa dela nabarmendu dute, eta gelditu egin behar dela: “Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak harreman instituzionalak hautsi behar dituzte estatu sionista horrekin. Horrelakoekin geratu daiteke daiteke genozidioa”. Horrekin batera, deia egin dute boikot, desinbertsio eta zigor kanpainak indartzeko, eta Israelekin merkataritza, enpresariala, ekonomia, kultura, akademia eta kirol jarduera oro bertan behera uzteko.