Kopako final zail bezain ilusionagarria jokatuko du Realak larunbatean
Bihar jokatuko dute kopako finala Realeko neskek. Bestalde, gaur jokatuko du Gipuzkoa Basketek, eta etzi Realeko mutilek, Bera Berak eta belar hockeyko Donostiako Atletikok eta Realak.
Realeko neskek denboraldiko zitarik garrantzitsuena daukate larunbatean, Bartzelonaren aurkako kopako finala jokatuko baitute Zaragozako Romareda estadioan, 19:00etan. Zaila dirudi Bartzelona ahalguztiduna mendean hartzea, baina partida bakarrera edozer gauza gertatu daiteke, eta txuri-urdinak 2019ko kopa irabazi zutenean egindako balentria errepikatzeko helburuarekin aterako dira zelaira. Gainera, Zaragozara joango diren realzaleen babesa ez ezik, Saguesen jarriko duten gunean elkartuko direnen babesa ere izango dute.
Mutilei dagokienez, atzo Valentziari irabazi ostean, ziurtatuta dute hurrengo denboraldian Europan jokatzea, baina zein lehiaketatan arituko diren erabakitzeke dago oraindik, Konferentzia Ligan ala Europa Ligan. Hain zuzen ere, Betisen eta txuri-urdinen artean dago batean ala besteak jokatzeko lehia, eta sevillarren etxean aurrez aurre arituko dira bi taldeak igandean. Realak irabaziko balu, ziurtatuta izango luke Europa Ligan jokatzea. Aldiz, berdindu edo galduko balu, azken jardunaldian erabakiko litzateke dena; Atletico Madril hartuko du etxean Realak azken jardunaldian, eta Real Madril bisitatuko du Betisek.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek, lehenengo mailara igotzeko kanporaketako final-laurdenak jokatuko ditu gaur bertan, Tizonaren etxean. Denboraldi ona egin dute orain arte donostiarrek, baina gehiago nahi dute, eta hori Tizonari irabaztetik pasatzen da.
Eskubaloian, liga irabazteko finalerdietako itzulerako partida jokatuko du Bera Berak igandean, Malagaren etxean. Donostian garaipena eskuratu ostean, finala eskura dute donostiarrek, baina Malagak ez dizkie gauzak erraz jarriko.
Azkenik, belar hockeyan, azken jardunaldia dute igandean Realeko neskek eta Donostiako Atletikoko mutilek, ezer gutxi jokoan dutela. Reala sailkapenaren erdialdean dago, zazpigarren postuan, eta postu horri eustea baino ez zaio gelditzen; horretarako, liga Tenisi etxean irabazita bukatu nahi du. Aldiz, Donostiako Atletikok ahazteko moduko denboraldia egin du, denboraldi osoan partida bakarra irabazita eta soilik lau puntu lortuta. Ziurra da azken postuan amaituko duela liga, baina, behintzat, Complutenseren (zazpigarren sailkatua) etxean irabazten ahaleginduko dira donostiarrak.
PARTIDAK
Futbola
Espainiako Kopako finala
- Bartzelona — Reala (bihar, maiatzak 18, 19:00)
Gizonezkoen liga, 37. jardunaldia
- Betis — Reala (etzi, maiatzak 19, 19:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, final-laurdenak
- 1. partida: Tizona — Gipuzkoa Basket (gaur, maiatzak 17, 20:45)
- 2. partida: Tizona — Gipuzkoa Basket (etzi, maiatzak 19, 17:15)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, finalerdietako bigarren partida
- Malaga — Bera Bera (etzi, maiatzak 19, 18:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala — Tenis (etzi, maiatzak 19, 13:00)
Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia
- Complutense — Donostiako Atletiko (etzi, maiatzak 19, 11:00)