Manifestazio batekin amaitu dute astebeteko greba Donostiako Udaleko garbitzaileek
Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako garbitzaileek astebeteko greba egin dute soldata eskala bikoitzarekin amaitu eta erosahalmena bermatzea eskatzeko. ELA, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako garbitzaileek manifestazioa egin dute gaur Parte Zaharrean, eta modu honetan amaiera eman diote astebeteko greba deialdiari.
180 pertsona inguruk egiten dute lan Gizatzen enpresarentzat Donostiako Udalaren eraikinak garbitzen. Sindikatuek azaldu dutenez, langileen %90 emakumeak dira eta heren batek lanaldi partzialak ditu. “2022. urtean pleguak esleitu eta Gizatzen enpresa sartu zen unetik soldata eskala bikoitza aplikatzen zaie. Aurreko enpresatik subrogatutako langileei enpresa mailako hitzarmena aplikatzen zaie, eta kontratazio berriei probintzia mailako Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Hitzarmena”, adierazi dute.
Modu honetan, lan baldintza desberdinak ezartzen zaizkie lan berbera egiten duten langileei. Bestalde, langileek ez dute soldata igoerarik izan 2021. urtetik, eta urratsik egin ezean, mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute.
Testuinguru horretan, aste honetan zehar Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako langileak kalera atera dira. Alde batetik, langile guztiei enpresa mailako hitzarmena aplikatzeko eta KPIari lotutako igoerak eskatzeko egin dute greba. Bestetik, Donostiako Udalari egoera honi konponbidea emateko borondate eta baliabideak jartzea eskatu diote, “egoera hori beronek finantzatutako zerbitzu publiko batean gertatzen baita, eta enpresak negoziaketa mahaian izandako borondate falta agerikoaren jakitun baita”.