Jatekorik ez da faltatu, Morlansko jaien bazkari koloretsuan
Festa giroak ez du etenik Morlansen asteburu honetan. Atzo txosnan dena eman ostean, gorputzak astintzen jarraitu dute gaur goizean antolatutako Zumba saioan. Dantzaren ondotik, kirol probak egin dituzte Askatuak taldearen eskutik, eta 3×3 formatuan lehiatu dira saskibaloian. Musikarekin edo gabe ariketa fisikoa egin dutenen artean gosea nagusitu da, baina horretaran ere abilak izan dira Morlansen, bazkari herrikoia antolatuta baitzuten eguerdirako.
Haur eta helduen kuadrillak mahaiaren bueltan eseri dira, errioxar erara egindako patatak dastatu eta azken orduotako anekdota eta istorioak partekatzeko. Indarrak berrituta, datozen orduetako musika eta kirol jarduerei aurre egiteko prest agertu dira. 19:00etan auzoen arteko olinpiadak egingo dituzte, eta 23:00etatik aurrera rock estiloko musika izango da nagusi, Jhon Dealer & Coconuts, Stupid Fucking People eta Hyronika taldeekin.
Hona hemen eguerdiko argazkiak: