Polizia indarkeriaren aurka mobilizatu dira Egian
Arrazista den egitura egitura poliziala salatu eta neurri sozialak eskatu ditu Guztiontzako Egia auzotar sareak.
Guztiontzako Egia auzotar sareak deituta, 200 lagun inguru bildu ziren atzo, azken aldian lapurretaraen atzakiapean ematen ari diren jarrera arrazista polizialak salatzeko. Horren aurrean, babes sarea sortu eta plaza berriz hartzeko deialdia egin zuten auzokideek, elkarlaguntza eta elkarzaintza bidez pentsamenduak eta egiturak aldatu daitezen: “Hau fikzio bat da, fantasiazko ipuina: indarkeria polizialak ez du aitzakiarik behar, eta Poliziak ez ditu auzoaren arazoak konponduko”, aldarrikatu zuten auzokideek elkarretaratzean.
Arratsaldeko zazpietan bildu ziren Egiako auzokideak Blas de Otero plazan. Nolanahi ere, ez ziren elkarretaratzean parte hartu nahi zuten lagun guztiak. Inguruan Ertzaintzaren patruilak egongo zirela jakinda, jatorri atzerritarra duten auzokide batzuek mobilizazioari uko egin behar izan zioten, jazarpen polizialaren beldur. “Profil zehatza duten pertsonak sitematikoki identifikatu eta paretaren kontra jartzen dituzte. Mespretxuz tratatzen dituzte eta duten gutxia lapurtu maiz. (…). Beldurra ezartzen diete, eta beldurrak jota daudenean, haien erreakzio oro indarkeriarako aitzakiatzat erabili”, salatu zuten kideek arabieraz, euskaraz eta gazteleraz irakurritako manifestuan.
“Ugaritzen ari den Polizia indarkeriaren” aurrean, berehalako erantzunak eskatu zizkioten erakundeei; “elkartasuna, baliabideak eta babes politika serioak haintzat dituen izango dituztenak”. Gauzak horrela, ezinbestekotzat dute kale egoeran dauden auzokide arrazializatuei kriminalizazioa eta tratu desegoki oro baztertu, eta neurri sozialak izango dituen benetako esku hartze bat eskaintzea: besteak beste, kale hezitzaileekin, babes eta sarbide laboraleko programa gehiagorekin, aterpetxe egokiekin, eta migranteen babes sarearekin.
Aurreko mobilizazioetan, elkarretaratzeak amaitu orduko inguruan dabiltzan atzerritarrek jazarpen poliziala izan dutela jakinda, inguruan gelditu ziren auzokide asko, atzokoa amaitu ostean. Txokolate jan eta musikarekin, ingurua girotzeaz gain, babes gunea sortu zuten, poliziaren begiradapean betiere.