Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen udalerria

Gipuzkoan 2023an egindako hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak argitaratu berri dituzte, eta Eguzkik salatu duenez, Donostiak gutxien birziklatzen duen herria izaten jarraitzen du. Izan ere, iaz hondakinen %41,33 baino ez zuen gaika bildu.
“Udal gobernuak noizean behin esaten du arazoak ‘kezkatzen’ duela, eta egingo balu bezala egiten du, baina benetan egin gabe. Are gehiago, urtetan uko egin dio espresuki gaikako bilketa sustatzeko neurriak hartzeari. Eta neurririk hartu ezean, ezin duzu emaitza hoberik espero, jakina”, adierazi du Eguzkik.
Talde ekologistak adierazi duenez, Hondakin Lege berriak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio: “Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso”. Alegia, 2025erako, hiri hondakinen %55, gutxienez, gaika bildu behar da. “Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten helburua. Eta Donostiak? Donostia oraindik helburua epe barruan lortzeko moduan dago? Ez dirudi, batez ere udal gobernuaren partetik saiatzeko asmorik ere ez delako sumatzen”, salatu dute.
Datuek erakusten dutenez, Donostia da San Marko mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria, baina, halaber, San Marko da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,16 da. Hau da, Donostia ia hamasei puntu azpitik dago.
Hemen ikus daitezke Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak.