Espainiako Kopako txapeldunorde izan da Reala
Realak 8-0 galdu zuen larunbatean Espainiako Kopako finala Bartzelonaren aurka, Romareda futbol zelaian (Zaragoza, Espainia). Ondorioz, txuri-urdinak kopako txapeldunordeak dira.
Bartzelona izan zen baloiaren jabe hasieratik, eta bosgarren minutuan, Batllek lehenengo gola sartu zuen Realaren atean. Lehenengoa jaso eta zazpi minutura jaso zuen Realak bigarren gola. Paralluelo izan zen golegilea (2-0), Caldenteyren erdiraketa errematatuta.
Jarraian, Bartzelonak bereari eutsi zion, eta Realari hirugarren gola sartu zion Grahamek. Realaren erreakzioa 20. minutuan iritsi zen, Franssiren jaurtiketarekin, baina kanpora joan zen baloia, gutxigatik. 26. minutuan, Grahamek Bartzelonaren laugarren sartu zuen, bere bigarrena.
Atsedenaldira iritsi aurretik, Batllek beste gol bat sartu zuen, markagailuan 5-0 utzita. Atsedenaldira iritsi ostean, Realak ez zion ondo ekin bigarren zatiari. Paralluelok baloia lapurtu zion Apariciori area barruan, pasea eman zion Caldenteyri, eta honek 6-0ekoa egin zuen. 52. minutuan, zazpigarren gola sartu zuen Pinak, Caldenteyen pasea jaso ostean.
Minutuak pasatu ahala, Bartzelonaren nagusitasuna gero eta nabarmenagoa izan zen, eta amaitzeko, 58. minutuan, Caldenteyk 8-0ekoa sartu zuen, bere bigarren gola.
Realzaleak, jokalariekin
Realak kolpe latza jaso zuen arren, Romaredan realzaleek gogotsu animatu zuten taldea partidan zehar, eta baita amaitu ostean ere. Horrez gain, Donostian, Saguesen jarri zuten Fan Zonean ere sekulako giroa egon zen egun osoan zehar, eta Reala indar guztiekin animatu zuten bertaratu zirenek. Pantaila erraldoi batean ikusi zuten Saguesen Realaren eta Bartzelonaren arteko norgehiagoka.