Espaloi bat eraikitzen ari dira Igeldoko kanpinetik herrira

Igeldoko aspaldiko aldarrikapena da herritik kanpinera doan errepide zatian espaloi bat eraikitzearena, ibilgailu zein oinezko asko pasatzen baitira tarte horretatik, bereziki udan, eta arrisku egoerak sortzen dira. Aldarrikapena errealitate bihurtuta ikusiko dute laster, Donostiako Udala martxoan hasi baitzen espaloi hori eraikitzeko lanak egiten. Europako Next Generation funtsekin finantzatzen ari dira lanak —1,4 milioi euroko aurrekontua dute—, eta uztailaren bukaerarako bukatzea aurreikusten du udalak.
710 metro daude kanpinetik herrira, eta norabide bakoitzeko errei bat dauka orain ia sei metroko zabalera duen errepideak, bazterbiderik gabe. Orain, hilerriaren ondoan, erreietako bat moztuta dago lanak direla eta, txandakako semaforo batekin. Metro eta erdi eta bi metro arteko espaloia egingo dute eta errepideko abiadura muga 30 kilometro ordura jaitsiko dute tarte horretan.
Zebrabideak ere jarriko dituzte espaloia egingo duten tartean, izan ere, hilerritik behatoki meteorologikorainoko tartean itsasoko aldean egongo da espaloia. Etxe Nagusi jatetxearen inguruan, aldiz, beste aldera pasatuko da espaloia, eta Iturritxo landetxearen inguruan itzuliko da itsasoaren aldera. Espaloia eraikitzeaz gain, galtzada bera berrituko dute, bai hondatuta dagoelako eta baita hainbat argindar eta telefonia linea eta bestelako azpiegitura batzuk lurperatzeko aprobetxatuko dutelako ere.