Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira Karmelo ikastetxeko langileak
Zazpigarren greba egunean, Scientia Karmelo ikastetxeko langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean. Hezkuntza Sailari bizi duten lan gatazkan bitartekari lanak egiteko konpromisoa eskatu diote, euren lanpostuak mantendu ahal izateko.
Karmelo ikastetxeko langileek asteak daramatzate mobilizatzen. Hezkuntza jarduera eta helburuekin zerikusirik ez duten enpresek, Scientia School kasu, itunpeko sarean sartzeko aukerarik ez izatea defendatu dute. Izan ere, Scientia School enpresak Karmelo itunpeko ikastetxea, eraikina barne, erosi zuela orain bost urte, eta orain, bertako 42 langileei jakinarazi die ikastetxea itxiko duela. Jarduera horren atzean interes inmobiliarioak egon daitezkeela uste dute langileek.
Hezkuntza Sailari egindako interpelazioan, lehen harremana izan dutela jakinarazi zuten pasa den astean langileek, baina eduki edo konpromiso zehatzik gabe. Gainera, bide horretan, beste instituzio eta erakundeek ere auzian ardura dutela nabarmendu zuten; hala nola, Donostiako Udalak edo Kristau Eskola Patronalak. Azken bi horiei ere bilera eskaerak egin dizkiete, baina momentuz ez dute bileretarako data proposamenik jaso.