Kultur Aniztasunaren Urtea antolatu dute Donostian, 'Ahaztu nire azentua' lelopean
Aniztasunaren azoka bat, udako Ikastaro bat, kongresu bat eta liburu aurkezpen bat antolatu dituzte Donostian, Kultur Aniztasunaren Egunaren bueltan.
Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna izango da bihar (hilak 21), eta, horren harira, Donostiako Udalak urte osoko egitaraua prestatu du, Mestiza elkartearekin elkarlanean. “Desberdinak izatea, arazoa baino gehiago, altxorra da, aukera bat. Gure gizartea, baita gure hiria ere, koloreen, jatorrien, kulturen, iritzien eta bizimoduen amalgama bat da, eta aniztasun hori errespetatzea eta defendatzea da gure konpromisoa. Denok sartzen gara aterki beraren azpian, gure jatorria eta bizitza ulertzeko modua edozein dela ere. Ez dago pentsamendu bakarra edo izateko eta bizitza ulertzeko modu bakarra baino okerragori”, nabarmendu du Cristina Lage Aniztasuneko zinegotziak.
Elkarteak sortutako Ahaztu nire azentua izango da leloa, eta asteartean bertan hasiko dira Kultur Aniztasunaren Urteko jarduerekin, Nerea Kortabitarte kazetari donostiarraren Baloreak liburuaren aurkezpenarekin. 17:30ean egingo dute aurkezpena, Aieteko Jauregiko Ipuin Etxean, eta, ondoren, haurren parte hartzea izango duen olerki irakurketa bat, familientzako ikastaroak eta txokolate jana egingo dituzte han bertan.
Horrez gain, “aniztasunaren azoka bat”, Etorkizuna hemen da: bizikidetzaren erronkak eta aukerak aniztasunean udako ikastaroa (irailak 12 eta 13) eta Kulturarteko Hirien Sarearen Biltzarra egingo dituzte Donostian aurten.
Jarduera horien guztien helburuak “Kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta inklusioaren garrantziaz kontzientziatzea; aniztasunaren konpromisoa eta babesa egunez egun har dezagun lortzea eta polarizazioari eta estereotipoei aurre egitea” dira, Lagek nabarmendu duenez. “Hor azentuak itsasgarri gisa jokatzen du, kultura errealitate desberdinen arteko lotura gisa. Hitz egiterakoan ez du axola jatorriak, azentua hizkuntza da eta hizkuntza kulturen, tradizioen eta trukearen arteko topagunea da”, gehitu du.