Molinao eremuko haur parke bateko zorua konpontzen hasi dira
Altzako Molinao bideko 94. zenbakiko haur parkeko zorua konpontzen hasi da Donostiako Udala, eta hilabetez arituko dira lan horiek egiten, Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez. Lur asentamenduaren ondoren, zorua apur bat hondoratu dela ikusi dute, eta horregatik hasi dituzte lanok. 64.694,73 euroko kostua izango du proiektuak.
“Kautxuzko lurzorua haur parketik kenduko da, baita jolasak eta hiri altzariak ere. Zonako lurra induskatuko da, hamabost zentimetroko material granularreko geruza batekin eta beste hamabi zentimetroko hormigoizko geruza batekin indartuz. Parkearen perimetroan, lursailari eusteko hormatxo bat eraikiko da. Esku hartze horiek amaitutakoan, segurtasun lurzoru berria jarriko da parkean, haur jolas berriak, hiri altzariak eta babes baranda bat hormatxo berriaren gainean”, azaldu du Garciak.