Txofreko aparkalekuaren kudeaketa publikoa berreskuratzea eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk udaleko batzordeetara eraman du Groseko Txofre aparkalekua publiko bihurtzeko proposamena. Izan ere, 2016ko otsailean bukatu zen lur azpiko parkinga ustiatzeko emakida. Orduan, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak emakida luzatzea erabaki zuen epemugarik ezarri gabe.
Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziari hainbat galdera egin dizkio EH Bilduk, eta jasotako erantzunekin “kezkatuta” agertu dira: “Emakida 2016tik zergatik luzatu den galdetu dugu, eta egoera ekonomiko juridikoa konplexua dela esateak ez du deus konpontzen. Emakida noiz arte luzatzeko asmoa duten galderari ez dio erantzun ere egin. Mugikortasun Sailak aparkalekuaren kudeaketa bere gain ezin duela hartu argitu badu ere, onartu du Dbus autobus konpainiak bai hartu dezakeela, badituelako horretarako eskumenak. Hortaz, EH Bilduren eskaera posible eta egingarria dela berretsi du Yarzak. Edonola, horretarako azpiegitura nahikoa ez duela argudiatu du, aukera hau baztertuz”.
Udal taldeak adierazi du urteak daramatzala Txofreko aferaz ohartarazten eta irtenbideak proposatzen. “Egoera ez da berria, beraz gainontzekoa hitz hutsak dira, udal gobernuak ez ditu izan honi aurre egiteko gaitasuna eta borondatea. Udalak denbora izan du, soberan, korapiloa askatzeko. Duela urtebete ikerketa bat abiatu zuela ere esan dute, baina oraindik emaitzarik ez dagoela. Etorkizun labur batera begira zer asmo duten eta irregulartasunarekin amaitzeko zer egingo duten ere ez dute argitu”, deitoratu du Garbiñe Alkiza zinegotziak.
Udalak 1977an adjudikatu zuen Txofre plazako ibilgailuentzako lur azpiko aparkalekua eraiki eta ustiatzeko emakida. Udala 462 garaje plaza dituen aparkalekuaren jabea da. Aparkaleku horrek, era berean, eremuko etxebizitza bloke batzuetako aparkalekuak ere baditu: 1.006 plaza. “Orain dagoena irregulartasun egoera bat da, eta argi dago egoera horrekin amaitu behar dela eta irtenbide bat bilatu behar zaiola. 2018 urteaz geroztik irregulartasun egoera bat dagoela adierazi du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, eta horrela berretsi du 2021eko txostenean ere”, gogoratu du Alkizak.