Roso Buch fitxatu du Ibaeta Basketek
Ibaeta Basketek 2024-2025eko denboraldirako lehenengo fitxaketa iragarri du: Roso Buch 31 urteko eskolta katalana. Esperientzia handiko jokalaria da, 2010ean Mataro bere herriko taldearekin debuta egin zuenetik, hainbat taldetan aritu baita, minutu ugari jokatuta guztietan: Caceresen, Bembibren, Conquero de Huelvan, Uni Gironan, Valentzian eta Gernikan. Talde bizkaitarretik dator Donostiara Buch, azken denboraldian, batez beste, partidako hamar puntu eta bi asistentzia eginda eta bi puntuko tiroen %47 eta hirukoen %41,2 sartuta.
“Bere ibilbide luzea, bere izaera, erasoan ematen duen erritmoa eta hiruko lerrotik dituen portzentaje onak direla eta, Roso Buch jokalari oso osoa da eta Ibaeta Basketi jokoaren arlo guztietan bermea emango dio”, nabarmendu du klubak.
Bajak
Azken egunotan, hurrengo denboraldirako bi baja ere iragarri ditu Ibaeta Basketek: Laura Westerikena eta Jewel Tunstullena. Bien lana eskertu du klubak eta onena opa die euren etorkizunean. Horiei Dulcy Fankamen, Maria Españaren eta Yurena Diazen bajak gehitu behar zaizkie. Bestalde, Lara Gonzalezek kontratua berritu zuen joan den astean Ibaeta Basketekin.