Artxibatu egin dute Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian zauritutako emakumeak jarritako salaketa
Ertzaintzaren jaurtigai batek Donostian larri zauritu zuen emakumearen familiak jarritako salaketa behin-behinean artxibatu du epaileak. Tiroaren egilea ezezaguna dela argudiatu du epaileak erabaki hori hartzeko.
Martxoaren 5ean Anoeta kanpoaldean izan ziren istiluetan zauritu zuten emakumea, Realak eta PSGk jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian. Emakumeak kolpe handia jaso zuen buruan, belarriaren parean eta 30 metro inguruko distantziatik. Segurtasun Sailak onartu duenez, emakumea ez zen parte hartzen ari partidaren aurretik izandako liskarretan.
Martxoaren 5eko istiluei lotuta sei salaketa aurkeztu ziren eta horietatik gutxienez bi —44 urteko emakumearena eta beste bat— artxibatu egin ditu epaileak. Bi kasu horietan helegiteak aurkeztu ditu defentsak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du ez baieztatu eta ezta gezurtatu ere auzitegiaren behin-behineko erabakia. Edozein kasutan, Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen duela nabarmendu du, “egun hartan gertaturiko guztia argitzen ahalegintzeko”.