Donostian pilota bultzatzeko plana aurkeztu dute
Gaur goizean aurkeztu dute Donostia Pilota plana. Hain zuzen ere, hirian pilota bultzatzeko egitasmoa da, eta horren inguruko xehetasunak eman dituzte Atano III.a pilotalekuan. Donostia Kirolak gidatu eta koordinatzen du programa hau, eta pilotaren eragileak biltzen ditu.
“Helburua da Donostiak bere lekua berreskuratzea pilotaren plaza nabarmen gisa. Horretarako, Donostia Kirolak aliantzak ezartzen ditu sustatzaile, klub eta elkarteekin, baita Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin ere, bakoitzak bere kirol-proiektua hobetu eta zabal dezan, Donostian pilotarako proposamen berriak eginez “, adierazi du Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak. “Asmo handiko plana da, begirada estrategikoa duena, kirol honen alderdi guztiak hartzen dituena”, gaineratu du.
Udalak 80.000 euro bideratuko ditu plana aurrera eramateko. Lan ildoak, berriz, hainbat dira: pilota profesionala eta federatua, esku pilota eta erreminta, prestakuntza, emakumeen pilota, klubei laguntzea, ikastetxeetan pilota sustatzea, ekitaldi eta lehiaketa berriak bultzatzea, pilota egokitua eta Atano III.a frontoiaren dinamizazioa eta erreferentzialtasuna.
Lehen fase honetan, Donostia Pilotak bereziki esku pilotan jarriko du arreta, baina, berehala, erremintaren erronkei eta beharrei ere helduko die, baita publiko berriak sortzeari eta instalazioak hobetzeari ere. Plan horren esparruan, Donostia Kirolak berrikuntza garrantzitsuak planteatzen ditu Donostiako pilotarentzat, hainbat sustatzaile eta kluben eskutik eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin lankidetzan. Horiek denak helbide honetan irakur daitezke.