Federico Garcia Lorcako autobus geltokiak ika-mika sortu du udalaren eta aldundiaren artean
Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebuseko autobusak hirigunetik “kanporatzea” leporatu dio Donostiako Udalari, eta adierazi du udalak ez duela konponbiderik eskaini ibilgailu horiek Federico Garcia Lorca pasealekuan sortzen dituzten trafiko arazoen aurrean. Izan ere, Urumeako auzo elkarteak salatu du geltoki horrek ezin duela bertan jarraitu, intimitaterik eta atsedenik ez izateaz gain, kutsadura akustikoa pairatzen dutelako.
Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek ohar baten bidez iragarri duenez, aldundiak batzorde tekniko bat deituko du Lurraldebuseko ibilgailuek pasealeku horretan, autobus geltokiaren inguruan, sortzen duten egoera zein den aztertzeko.
Dominguezek gogorarazi du udala dela hiri barruko autobus geltokien kudeaketan “erakunde eskuduna”, eta azpimarratu du udalak ez duela “inolako alternatibarik” eskaini, nahiz eta “behin eta berriz” eskatu.
Dominguezek azaldu duenez, Mugikortasun Iraunkorreko Planaren zirriborroaren arabera, udalaren asmoa da Lurraldebuseko zerbitzuak “Benta Berri, Igara eta Herrerako eremuetara eramatea, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua neurri horrekin erabat ados ez dagoen arren”.