Jardun Koordinadorak Kantauri espazioaren aurkezpena egingo du hilaren 29an
Jardun Koordinadorako kideek maiatzaren 1eko mobilizazioen ostean okupatu zuten Jauregi Generala kaleko 5 zenbakiko lokala. Geroztik, Parte Zaharreko eremu hori egokitu eta espazioari “bizitza pixka bat” emateko lanetan aritu dira: “Oso beharrezko ikusten genuen halako gune bat, guk sortu nahi genituen askotariko jarduerei espazio bat emateko”. Bada, espazio horren irekiera eguna badute honezkero: maiatzaren 29an, asteazkena, arratsaldeko seietan egingo dute espazioaren aurkezpena.
Makina bat jarduera egiteko asmotan daudela iragarri dute, eta solasaldi, tailer eta mahai inguruak ez direla faltako datozen asteetako egitarauan. Programazio hori eta lokalak beteko dituen funtzioak, hain zuzen, aurkezpen egunean iragarriko dituzte, baita beste eragileei eskainiko zaien espazioa ere.
Jardun Koordinadorako kideek azaldu dutenez, espazio hori “Euskal Herri langilearen kontraboterea antolatzeko aurrerapauso handia da, alternatiba irultzailea gorpuzten eta hedatzen lagunduko duena”. Era berean, espekulaziora eta turistifikaziora bideratutako lokalak hartzera behartuta daudela aldarrikatu dute, gazteek halako espazioak eskuratzeko dituzten trabak ez direlako gutxi: “Egun, halako espazioak diruaren bitartez edo erakundeek jartzen dituzten hamaika bide burokratikoak gaindituta eskuratu daitezke soilik”.