Speed laborategi handi bat desegin dute Donostian
Guardia Zibilak speed laborategi handi bat desegin du Donostian, baita droga horren 800 kilo, zortzi kilo estasi, 180.000 euro eskudirutan, speeda egiteko zenbait sustantzia —75 kilo kafeina, 88 litro anfetamina eta hainbat azido eta alkoholen 800 litro—, armak eta droga trafikorako erabiltzen ziren hamabi ibilgailu konfiskatu ere, Guardia Zibilak azaldu duenez. Halaber, 35 eta 58 urte arteko zortzi pertsona atxilotu dituzte, Gipuzkoan, Nafarroan, Leonen eta Madrilen.
Pecueco operazioaren barruan desegin dute laborategia, Iruñeko bat zenbakidun Instrukzio Epaitegiaren eta Donostiako lau zenbakidun Instrukzio Epaitegiak gidatuta. Guardia Zibilaren arabera, ikerketa iazko ekainean abiatu zuten, 42 urteko Bilboko bizilagun bat atxilotu zutenean, bere ibilgailuan 40 kilo speed eramatea leporatuta.
Hari horretatik tiratuta, 42 kilo speed zeramatzaten kamioi bana gelditu zituzten Berriobeitin (Nafarroa) eta Zarautzen. Halaber, Guardia Zibilak dioenez, Donostiaren kanpoaldean speeda egin, paketatu eta banatzen zen laborategia lokalizatu zuten, segurtasun neurri handiak zituena. Lehenik eta behin, speedaren “sukaldaria” eta harekin lan egiten zuen gizon bat atxilotu zituzten, eta, gerora, speeda banatzen zuten gainontzeko kideak. Hemen ikus dezakezue laborategian konfiskatutako materialaren inguruko Guardia Zibilaren bideoa.