Udalak «harridura» azaldu du Lurraldebusen geltokiei buruzko arazoen gaineko aldundiaren erreakzioagatik
Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko departamentua “harrituta” agertu da Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuaren erreakzioarekin; izan ere, Lurraldebusek hirian dituen geltokien egoerari buruz eta udalak hiriarteko lineen inguruan egiten duen planteamenduari buruz egindako adierazpenak ez direla “egokiak” adierazi du.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “udalaren lana eta bere eginkizun nagusia donostiarren interesak babestea da, haien arazoak konponduz eta haien bizi kalitatea zainduz, eta horregatik aritu da une oro gai hau konpontzeko lanean”.
Testuinguru horretan, Yarzak gogorarazi du Federico Garcia Lorcako bizilagunen kexak jaso ondoren, udalak egoeraren azterketa bat egin duela. “Egiaztatu da puntu horretan gatazkak sortzen direla, bai bizilagunekin, baita inguruko bide segurtasunerako ere, eta, beraz, Aldundiari hainbat alternatibak proposatu zaizkio arazo hori konpontzeko”, azaldu du Yarzak.
Zinegotziak gaineratu duenez, “Lurraldebusen hiriko geltokietako batekin gertatzen den arazo zehatz bat da hori, baina ez dago zuzenean lotuta Mugikortasun Planak Aldundiarekin batera lantzea proposatzen duen hiriarteko lineen birplanteamenduarekin, eta, beraz, iraganeko planteamenduak aipatzen ari dira, egungo errealitatearekin justifikatzen ez direnak”.
Federico Garcia Lorca pasealekuko geltokia
Udalaren arabera, Lurraldebuseko UK 9-10-11 eta E21 lineen geltokiaren kasu zehatzean (Federico Garcia Lorca pasealekuan dagoena, eta 2016an foru agindu bidez ezarri zena), udalak hainbat bilera egin ditu Mugikortasuneko Foru Departamentuarekin, bizilagunek aurkeztutako kexen ondorioz, eta gaia aztertu da bileretan eta erakundeen arteko mahai teknikoetan, “irtenbide bat bilatzeko”.
Egindako bileren ondoren, landutako txosten tekniko batek udalak aldundiari egindako proposamenak jasotzen dituela azaldu du Yarzak, eta gaineratu duenez, “horietako batek ere ez du baiezkorik jaso hiriarteko garraioaren arloan eskumena duen erakundearen aldetik, eta erakunde horrek ere ez du proposamen propiorik egin”. Honakoak dira proposamenak:
-Zerbitzu hori hamabost metroko autobusekin eskaintzeko eskatu da, autobus geltokira sartu ahal izateko.
-Lurraldebusek linea antolatu dezala eskatu da, erregulazio geltokia ibilbideko beste punturen batean egin dezan.
-Lineak birplanteatzeko eskatu da, momentu berean bi autobus artikulatu aurkitu ez daitezen, zirkulazio bide bat blokeatu ez dezaten.
-Geltokiaren luzera handitzea aztertu da.
-Geltokia kale bereko bulego eraikinera lekualdatzea aztertu da.
Horiek horrela, zinegotziak adierazi du “harrituta” dagoela foru diputatuaren adierazpenekin, izan ere, “okerra da ez dela alternatibarik eman, hainbat proposamen egin ditugunean eta ezta bat bera ere onartu ez digutenean”.