Arte publikoa herritarrei hurbilduko diete ekainaren 8an eta 9an, Intxaurrondo BAI topaketetan
Ekainaren 8an eta 9an Intxaurrondon egingo dute arte publikoaren BAI Topaketen hirugarren edizioa. Caradepan kultura elkarteak antolatzen duen ekimen honen helburua da arte publiko garaikidea herritarrei hurbiltzea, eta horrekin donostiarrak eta bisitariak estimulatu, konprometitu eta hunkitzea. Horretarako, sortzaile garaikideak gonbidatzen dituzte, tokiko ondare artistikoa osatzen duten obrak berrinterpreta ditzaten.
Ana Esmith izango da aurtengo artista gonbidatua, Miss Beige pertsonaiaren paperean. Intxaurrondoko kaleetako lau eskultura garrantzitsu izango dira BAI Topaketen gai nagusia: Hazteko Moduak, Koldobika Jauregirena, Ume-jolasak eta Siluetak, Agustin Ibarrolarenak, eta Monolitoa, Equipo 57 taldearena.
Emaus Gizarte Fundazioak hasieratik kolaboratu du BAI Topaketekin, jaialdian argitara emango diren arte-lan berriak sortzeko tailerretan balioko duten bigarren eskuko gauzak emanez. Bikoitza da Emaus Gizarte Fundazioa kolaboratzera bultzatzen duen motibazioa; alde batetik, arte-lanak eginda, upcyclingaren (sormenezko berrerabilera) gorenera iristea, horrekin artea jasangarriagoa izan dadin lagunduz eta, bestetik, arte garaikidearen irisgarritasuna sustatzea, espazio publikoetan eta herritarren parte-hartzearen bitartez. Aurten, gainera, gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea sustatuko du Emaus Gizarte Fundazioak, artea inklusiboagoa eta jende guztiarentzako eskuragarriagoa izan dadin.
Egitaraua
Egitarauari dagokionez, praktika artistikoari eskainiko zaio larunbata, publiko ororentzako hiru tailerrekin. Intxaurrondoko kultura etxean egingo dira tailerrak, Elena Scaratti, Natalia Cambronero eta Uxue Lasa artistekin. Parte hartzeko izen emateak BAI Topaketen instagram kontuaren bidez, webgunearen bidez edo Donostia Kulturaren webgunearen bidez egin daitezke.
Nabarmentzekoa da Natalia Cambronero Nieto diziplina anitzeko artista eta kuradore euskalduna dela, artea salaketarako tresna baliagarri modura ulertzen duena, eta leiala da artistak gizartearekiko duen erantzukizunarekiko eta misioarekiko. Curriculum oparoa du, ekimen artistiko ugari garatu baitu, eta hainbat sari jaso. Bere lanaren bitartez, Giza Eskubideak urratzen dituzten askotariko egoera sozialen aurrean adierazten da, obra eta proiektu artistikoen bitartez kolektiboaren kontzientziazioa bilatuz, eta horretarako ezinbestekotzat joz publikoarekiko interakzio zuzena eta hurbilekoa, kontzientzia transmititzeko eta sortzeko modu gisa.
Elena Scaratti, berriz, artista eta saiakeragile eklektiko eta diziplina anitzekoa da. Hainbat esparrutan sortzen ditu bere obrak, hala nola argazkilaritzan, eskulturan, pinturan, poesian eta modan. Gainera, hiriko sormen- eta kultura-giroa sustatzen duen Donostiako Poetry Attack elkarteko kidea da.
Uxue Lasa artista getariarrak, azkenik, material eta teknika berriekin esperimentatzen du, edo dagoeneko batere erabiltzen ez direnekin, alegiazko hamaika mundu sortuz, non surrealismoak eta absurdu existentzialak hartzen duten bere obraren zati handi bat. Pintura, eskaiola, naturako elementuak edo, besterik gabe, kutxak; denetarik manipulatzen du, kolorez eta freskotasunez betetako forma organikodun piezak sortzeko.
BAI Topaketen hirugarren edizio honetako egitaraua osatzeko, Igande Itzela ospatuko da ekainaren 9an. Auzoan zehar egingo den museo erako ibilbide batekin, bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutuko ditugu. Ana Esmith BAI Topaketen III. edizioko artista gonbidatuaren proposamena ere ezagutu ahal izango dugu ibilbide horretan, Miss Beige pertsonaiaren paperean; Koldobika Jauregiren Hazteko Moduak eskultura interpretatuko du, Logelako sekretuak performancearekin.
Azkenik, igandean bertan egingo da BAI Topaketen amaierako jaia, 12:00etatik 18:00etara, Gabriel Zelaia plazan.
Bigarren eskuko materialak
Emaus Gizarte Fundazioak hasieratik kolaboratu du BAI Topaketekin, jaialdian argitara emango diren artelan berriak sortzeko tailerretan balioko duten bigarren eskuko gauzak emanez. Bikoitza da Emaus Gizarte Fundazioa kolaboratzera bultzatzen duen motibazioa; alde batetik, artelanak eginda, upcyclingaren (sormenezko berrerabilera) gorenera iristea, horrekin artea jasangarriagoa izan dadin lagunduz eta, bestetik, arte garaikidearen irisgarritasuna sustatzea, espazio publikoetan eta herritarren parte-hartzearen bitartez.
Aurten, gainera, gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea sustatuko du Emaus Gizarte Fundazioak, artea inklusiboagoa eta jende guztiarentzako eskuragarriagoa izan dadin.