BCBL zentroak magnetoentzefalografia ekipo berria du
Beste urrats bat egin du Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroak. Garun ikerketan duen posizionamendu aurreratua sendotu du magnetoentzefalografia ekipo berri batekin. Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euroko inbertsioa egin du.
Miramongo Parke Teknologikoan duten zentroan kokatu dute azken belaunaldiko azpiegitura. Alde batetik, ikerketa zentroko laborategien ahalmena indartuko du nazioarteko eremu neurozientifikoan, eta, bestetik, parte hartzaileen jarduera neuronala denbora zein espazio bereizmen bikainarekin erregistratzeko aukera emango du, aurreko ekipamenduaren ezaugarriak hobetuz.
Zentroko jardueraren berariazko helburua hizkuntzaren jabekuntzan, ulermenean eta ekoizpenean inplikatutako mekanismo neurokognitiboak argitzea da, elebitasuna eta eleaniztasuna bereziki nabarmenduz. MEG gailu berriak entzutezko estimuluak zein estimulu bisualak erreproduzitzeko aukera ematen du, parte hartzaileen garun jarduera neurtzen den bitartean, eserita edo etzanda, 306 sentsoreren bidez.
BCBL zentroak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.