'La tabernera del puerto' zarzuela Viktoria Eugenia antzokira itzuliko da, 25 urteren ostean
25 urte bete ditu Sasibill Lirika elkarteak, eta hori ospatzeko, Pablo Sorozabal konpositore donostiarraren La tabernera del puerto zarzuela eskainiko dute Viktoria Eugenia antzokian, ekainaren 1ean eta 2an. 19:00etan izango da emanaldia bi egunetan.
Pablo Sorozabalen hiru aktoko lehen zarzuela da La tabernera del puerto. Viktoria Eugenia antzokian egin duten aurkezpenean Josean Garcia eszena zuzendariak azaldu duenez, Bartzelonako Tivoli antzokian estreinatu zuten 1936ko apirilaren 6an, nahiz eta hasiera batean Falangeak Sorozabali hura zuzentzeko baimenik ez eman. Ordea, azkenean lortu zuen gauzak aurreikusitako moduan egitea.
Donostian, 1999an aurkeztu zuen Sasibillek zarzuela hau Viktoria Eugenia antzokian bertan, eta 25 urteren ostean leku berera itzuliko da. Aktoreen zerrendan daude, besteak beste, Helena Gallardo, Klara Mendizabal, Haizea Muñoz, David Baños, Ekaitz Gonzalez de Urretxu eta Jon Imanol Etxabe, eta Sasibill orkestrak eta abesbatzak lagunduta taularatuko dute obra. Gidari lanetan, Josean Garcia (eszena zuzendaritza) eta Arkaitz Mendoza (musika zuzendaritza) arituko dira.
Argumentua
Alegiazko kostaldeko Cantabreda hirian, portuan bertan, Marolaren Taberna dago. Inork ere ez daki nondik etorria den Marola. Dakiten gauza bakarra da negozioa bere senartzat duten Juan de Egia gaizkileak ordaindu duela. Leandro, bertako arrantzalea, Marolaz maitemintzen da. Aldi berean, bere xarmak liluratuta utzi du Abel soinujolea, baina Marolak ez du atsegin. Herriko emakumeak nazkatuta daude eta Marolari aurpegiratzen diote hiriko gizonak erotuta dituela, Juan de Egiaren begirada amorratuaren aurrean.
Azaldu dutenez, zarzuela honek tratu txarren inguruan hitz egiten du, eta nahiko “gogorra” da. Hala ere, eta duen garrantzia historikoa kontuan izanda, jendea animatu dute ikuskizuna ikustera.
Sarrerak Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan edo Donostia Kulturaren webgunean daude salgai dagoeneko.