'Memories' erakusketa inauguratu dute Donostian
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak antolatuta, Memories erakusketa inauguratu dute ostegun goizean Alderdi Ederren. Mundu osoko 22 biktimaren testigantzak jasotzen ditu erakusketak, tartean Boko Haramen, Estatu Islamikoaren eta ETAren biktima batzuenak; erakusketako panel guztiek QR kode bat dute, biktima horien istorioa hobeto ezagutzeko. Ekainaren 11ra arte egongo da ikusgai.
Eneko Goia Laso alkateak, Florencio Dominguez Iribarren zentroko zuzendariak eta Ignacio Ibañez Ferrandiz Terrorismoaren Aurkako NBEren Espainiako Bulegoko zuzendariak aurkeztu dute erakusketa, eta denak pozik eta eskertuta agertu dira erakusketa Donostiara ekarri izanagatik. Aurretik, Malagan, New Yorken, Gasteizen, Valladoliden, Iruñean eta Madrilen ikusgai egon da erakusketa.
Dominguezen arabera, erakusketak biktimengan jartzen du fokua, eta “terrorismoak nazioan zein nazioartean suposatzen duen mehatxuari aurre egiteko” balio dutela biktimen testigantzek. Bestalde, Ibañezek azaldu du erakusketak “biktimak entzutera” deitzen duela ikuslea, eta “arreta dei bat” dela, baita ere.
Jarraian, erakusketako zenbait argazki ikusi ditzakezue: