Nastja Claessens fitxatu du Ibaeta Basketek
Ibaeta Basketek Nastja Claessens hegaleko pibot belgikarraren fitxaketa iragarri du hurrengo denboraldirako. 19 urteko jokalari gaztea da Claessens, baina potentzial handia du, Ibaeta Basketen arabera, etorkizun oparoenetarikoa duen jokalari belgikarretako bat da. Klub donostiarrak nabarmendu du “fitxaketa ilusionagarria” dela.
1,84 metroko altuera du, eta 2023an Belgikako selekzio absolutuarekin debutatu zuen. Belgikako taldeetan jokatu du orain arte: Declerq-Storbeton Waregenen abiatu zuen bere ibilbide profesionala, 2020an, Koninklijk Basket Teamen aritu zen hurrengo bi denboraldietan eta Minthra Castors Brainen jokatu du azken denboraldian, ligan zein Eurokopan jokatuz. Ligan, batez beste, partidako 14,5 puntu egin ditu, bi asistentzia eman ditu, 1,3 baloi lapurreta egin ditu eta hiruko jaurtiketen %60 sartu ditu. Eurokopan, aldiz, hamahiru puntu sartu ditu batez beste partidako, 2,6 errebote hartu ditu, 2,5 asistentzia eman ditu, 1,4 baloi lapurreta egin ditu eta hiruko jaurtiketen %52,6 sartu ditu.