35. Koldo Mitxelena literatur lehiaketak 23 haur eta gazte sarituko ditu
Saritutako lanei dagokienez, bost komikiak dira, sei olerkiak, sei ipuinak, hiru bertsoak eta hiru mikroipuinak.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 35. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako irabazleak saritzeko ekitaldia egingo du bihar, 12:00etan, udaletxeko udal batzar aretoan. Aurtengo sariketan 23 lan saritu dituzte, eta 21 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 21 ikastetxetako ikasleek 1.273 lan aurkeztu baitituzte. Saritutako lanei dagokienez, bost komikiak dira, sei olerkiak, sei ipuinak, hiru bertsoak eta hiru mikroipuinak.
Urtero moduan, 6 eta 18 urte bitarteko saridunak izango dira protagonistak. Udal txistularien bandaren harreraren ondoren, Sara Cozarrek aurkezpen lanak egingo ditu; Iñaki Salvadorrek eta Olatz Salvadorrek musika dotorez apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko.
Lan irabazle guztiak liburuxka batean bildu dituzte, eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean ikus daitezke. Gainera, epaimahaiaren aipamen berezia izan duten lanen zerrenda ere argitaratu dute. Guztira, 21 dira. Epaimahaia, berriz, sei pertsona hauek osatu dute: Iñaki Martiarena Mattin komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Castillo Suarez idazlea, Ana Malagon idazlea, Inazio Mujika idazlea eta Arantxa Urretabizkaia idazlea.
Opariak eta literatura lantegia
Aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazleek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Kategoria honetako bost irabazlek Arantzan egingo den lantegian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera. Jon Insausti zinegotziaren esanetan, “lantegi horretan literatur zaletasuna duten gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute eta egun zoragarriak igaroko dituzte. Aukera ezin hobea izango dute aisialdiaz eta literaturaz gozatzeko”.
Bestalde, irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte: ebookak, margotzeko materiala, argazki makinak eta abar. Aipatuek, diplomaz gain, 50 euroko bonu bana jasoko dute kultur produktuak erosteko.
35 urteko ibilbide oparoa
Koldo Mitxelena literatur lehiaketaren eragina eta arrastoa handia izan da urteotan. Batetik, literatura lehiaketaren helburua euskararen erabilera eta sormena ikasleen artean sustatzea, bete egin da hein handi batean, saritutako zenbaitek euskarazko sormen lanetan murgilduta jarraitzen baitute gaur egun. Bestetik, lehiaketaren datuak oparoak dira oso: 1990ean abian jarri zenetik 39.838 lan aurkeztu dira guztira.
Insaustik nabarmendu duenez, “benetan poztekoa da 35 urte eta gero lehiaketak duen harrera haur eta gazteen artean. Ikus-entzunezkoen, sare sozialen eta plataforma digitalen aroan irakurzaletasunak eta literaturak lekua izaten jarraitzea garrantzitsua da”.