Cristina Enea fundazioak haurrentzako udalekuak eskainiko ditu Ulian

Cristina Enea Fundazioak udalekuak antolatu ditu aurten aurrenekoz, Ulia Interpretazio Zentroan. Eskaintza 6 eta 10 urteko haurrei zuzenduta dago eta egunero lau orduz Uliako inguruneaz gozatzeko aukera izango dute, naturan bertan egingo diren jarduerekin. Eskaintza uztailaren 1etik 5erako astean izango da eta izen-emateak zabalik daude Cristinaenea.eus webgunean.
Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagaren esanetan, “frogatuta dago naturarekin harremanetan hazteak onurak dituela haurren garapenean eta adin tarte bakoitzak badu naturarekin harremantzeko modu berezia”. Horregatik, jakin minez eta ekintzarako gogoz beteriko etapa honetan, natura, eta zehatzago Uliako basoa, ingurune paregabea da bakoitzaren gaitasunak garatzeko tresnak eta jakintzak eskuratzeko. “Modu ludiko batean naturarekiko errespetu eta maitasuna garatu eta gure hiriko altxor berde honen zaintzaile bihurtzeko lehenengo pausoak emango ditugu uda honetako NatUDAlekuetan”, gaineratu du Orkolagak.
Ordutegia 9:30etik 13:30era izango da, eta aukera egongo da 9:05ean Donostiako Kolon pasealekutik ateratzen den taxibusa erabiltzeko Uliara iristeko eta, eguneroko saioa amaitzean, bertatik jaisteko.Taldeak, bestalde, mugatuak izango dira, esperientzia ahalik eta aberasgarriena izan dadin parte hartzaileentzat, eta askotariko gaiak landuko dituzte: Uliako bitxikeriak, bertako anfibio eta hegaztiak, zuhaitzak eta intsektuak, besteak beste. “Horretarako metodologia berezia garatuko da jolasaren, behaketaren, esperimentazioaren eta ibilaldien bidez, naturaren balioa eta Uliaren aberastasuna modu didaktikoan ezagutzeaz gain, esperientzia ludikoa ere izan dadin”, azaldu du Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak.