«Ongizate psikosoziala oso likidoa da»
SOS Arrazakeriak mentoria sozialeko hainbat programa ditu, eta horietako batek, Urrentxindorra programak, hamar urte bete ditu aurten. 10-14 urte bitarteko haur migranteak unibertsitateko edo goi mailako zikloetako ikasleekin elkartzen dituzte bikoteka, haur horien autoestimua indartzeko eta gizartean hobeto integratzea bilatzeko.
Hamar urte bete ditu Urretxindorra programak. Nola baloratzen duzu honaino egindako bidea?
Ondo. Programa, batez ere, jatorri migratzailea duten eta gure artean bizi diren haurren ongizate psikosoziala zaintzera dedikatu da. Profil hori da populazio migratzailearen profil ikusezinenetako bat, hau da, beraien familiekin edo familiak etorri ostean Euskal Herrira iritsi diren haurrena. 10-14 urte bitarteko haur etorkinekin egiten dugu lan, eta norbera bere pertsona eraikitzen ari den adin horretan, desberdina izateak eta hasiera batean lagunik ez izatearen doluak markatu egiten ditu. Mentoria soziala esku hartze sozialerako lanabes bat da, eta horren bidez, dena delako arrazoiarengatik hauskortasun egoeran dagoen pertsona bakoitzarentzako akonpainamendua eskaintzen du aisialdi espazio batean. Horren helburua da lotura bat sortzea hauskorragoa den pertsona baten eta pertsona boluntario baten artean. Urretxindorraren kasuan, esan bezala, 10-14 urte bitarteko haur etorkinak unibertsitateko edo goi mailako zikloetako ikasleekin elkartzen ditugu, haurrak baino hamar urte zaharragoak direnak eta hemengoak direnak edo denbora daramatenak hemen bizitzen.
Zeintzuk dira mentoria programa honen faseak?
Lehenengoa, haur hauen deribazioa da. Haur gehienak ikastetxeetatik eta Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik deribatzen dizkigute, izan ere, hamar urte daramatzagunez honekin, badakite zein profiletako haurrentzako den programa. Ez da nahikoa migratzaile izatearekin, izan ere, beraien autoestimua indartu nahi izatea eta gainerako haurren antzera bizi nahi izatea ere badira baldintzak. Era berean, prebentziotik ere egiten du lan Urrentxindorrak, eta haurrek beraiek nahi dutena lortzea du helburu, gizarteak uzten duen neurrian. Bestalde, boluntarioak ere bilatzen ditugu, eta ondoren, boluntario bakoitza haur batekin elkartzen dugu. Aurten, 30 boluntariok eta beste horrenbeste haurrek hartu dute parte. Garrantzitsua da haurrek, mentoreen gisan, boluntarioki parte hartu nahi izatea, ezin delako haur bat honetan parte hartzera behartu.
Bikoteka elkartzen direnean, zer egiten dute?
Ikasturte bat irauten du programak, eta ikasturte hasieran, inaugurazio festa batean ezagutzen dute elkar haurrek, haien familiek eta boluntarioek. Hortik aurrera, astero hiru orduko zitak izaten dituzte, aisialdi eremu batean. Hori oso garrantzitsua da guretzat, izan ere, aisialdia eskubide bat da pertsona ororentzat. Beraz, aisialdi eremu bat okupatuz, mentoreen eta haurren artean erlazio bat sortzea da helburua. Erlazio horrek ahalbidetzen du haurrek beraien gauzak kontatzea eta mentoreekin barrena hustea. Programak ikasturte bat irauten du, suposatzen delako epe horretan erlazioa ona izan bada, haurra gainerako haurrekiko berdintasun gehiagoko egoera batean egongo dela.
Zein ezaugarriren arabera elkartzen dituzue bikoteak?
Alde batetik, bistan dauden gauzen arabera: asteko zein egun duen libre bakoitzak, elkarrengandik gertu bizi diren… Eta bestalde, sotilagoak diren gauzak daude: zein gustu dituen bakoitzak, zer egitea gustatzen zaien edo bakoitzaren izaera nolakoa den. Adibidez, oso lotsatiak diren bi pertsona elkartzea saihestu egiten dugu. Zaletasunak berdinak izatea baino gehiago, elkarrekiko osagarriak izatea ere garrantzitsua da, izan ere, mentoria sozialak egiten duen gauzetako bat da norberak deskubritzea zein gaitasun dituen.
Instituzioen babesa jasotzen hasi ginen, eta hala behar du, gizartearen betebeharra delako jendearen gaizkizateari erantzuna ematea
Hiru orduko zita horiek asteko egun bakarrean izaten al dira?
Bai. Egun bakarrean hiru orduz egoten dira elkarrekin, ahal den neurrian. Ezer ez inposatzen eta malguak izaten saiatzen gara, baina berebiziko garrantzia ematen diogu programa kalitatezkoa izateari. Demostratuta dago mentoria soziala ez bada nahikoa kalitaterekin egiten, ez egitea baino okerragoa izan daitekeela. Kalitatea da datu guztiak ongi jasotzeaz gain, ziurtatzea haurrak eta boluntarioak parte hartu nahi dutela, boluntarioekin aurretiko tailerrak egitea programak zertan datzan ongi azaltzeko, etab. Ongizate psikosoziala oso likidoa den zerbait da, eta ezin da gidatu Excel taula batzuekin. Beraz, erlazio bakoitzaren oso gainean egoten gara, eta hori funtsezkoa da. Ez da elkar ikustea soilik, izan ere, ikasle bakoitzak inkesta txiki bat bidaltzen digu zita bakoitzaren ostean, eta edozein arazo badago, harremanetan egoten gara. Taldekako eta bakarkako tutoretzak egiten ditugu, eta oso adi egoten gara, harreman bakoitza oso desberdina delako.
Donostiaz gain, beste leku batzuetan ere badago martxan programa hau?
Bai. Donostian jarri genuen martxan duela hamar urte eta ikusi genuen oso ondo funtzionatzen zuela. Ondoren, Errenterian, Tolosan eta Hernanin ere hasi ginen, eta orain Hernanin ez gauden arren, Aretxabaletan ere bagaude. Progamaren arrakasta handitzen joan zen heinean, babes gehiago jasotzen hasi ginen. Gu gobernuz kanpoko erakunde bat gara, eta guretzat zaila da horrelako programa bati eustea. Hasieran babesa lortzea nahiko zaila izan zen, baina hortik aurrera, instituzioen babesa jasotzen hasi ginen, eta hala behar du, gizartearen betebeharra delako jendearen gaizkizateari erantzun bat ematea. Gaur egun, Donostiako eta Errenteriako Udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzaren laguntza jasotzen du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren bidez, programa Arabara eta Bizkaira ere zabaldu da, eta Nafarroan ere ari dira.
Ikasleek nola izaten dute programaren berri? Zein izaten da beraien erantzuna?
Hori da gehien kezkatzen gaituen kontuetariko bat. Badakigu jende gaztea mila gauzetara dagoela, baina gu saiatzen gara unibertsitateetara eta goi mailako eskoletara joaten eta klasean azaltzen gure proiektua. Urretxindorran edozein ikaslek hartu dezake parte, ez da beharrezkoa psikologia edo gizarte hezkuntza ikastea. Beldurra ematen digu haur gehiago izatea boluntarioak baino, eta beti animatzen dugu jendea parte hartzera, oso onuragarria delako. Programatik pasatu den gehiengoak —350 boluntario eta beste horrenbeste haur, guztira— esperientzia honen oso oroitzapen ona du. Iaz, adibidez, nahiko justu ibili ginen nahikoa boluntario lortzeko, baina azkenean beti lortzen dugu. Gazteek, eta batez ere emakumeek, sekulako potentzia dute, gehienak emakumeak direlako eta programa oso ondo garatzen dutelako.
Beldurra ematen digu haur gehiago izatea boluntarioak baino, eta beti animatzen dugu jendea parte hartzera, oso onuragarria delako
Zein motatako planak egiten dituzte?
Lehen esan bezala, aisialdian kokatzen dugu programa. Esaten diegu helburua ondo pasatzea dela, eta horretarako adostu egin behar dute zer egin nahi duten: Tabakalerara etorri, Aquariumera joan, film bat ikusi, bizikletan ibili, saskibaloian jolastu… nahi dutena. Jarduera horien bidez, elkarren arteko konplizitatea handitzea lortu behar dute, eta askok lortzen dute hori.
Ekainaren 7an ikasturte honetako amaiera festa egingo duzue Aquariumen. Nolakoa izango da?
Ikasturte amaierako festa oso potentea izaten da, ikasturtea amaitzearekin batera, aurtengo programa ere bukatu egiten delako. Bukatu baino lehen, beste tailer bat ematen diegu boluntarioei, dolu tailerra esaten dioguna, azaltzeko zein garrantzitsua den agur on bat egitea. Horrek ez du esan nahi bikoteek ez dutela sekula gehiago elkar ikusiko, baizik eta ziurrenik bikote gehienek lortu dituztela bete beharreko helburuak, eta aurrerantzean nahi dutenean ikusiko dutela elkar. Beraz, festa itxiera sinboliko bat da, eta guk, SOS Arrazakeria gisa, familiei, haurrei eta boluntarioei eskerrak ematen dizkiegu programan jarri duten konfiantzagatik. Diskurtsoren bat egoten da, baita askaria ere, eta ezusteko bat edo beste ere izango dugu.