Pertsona bat ospitalera eraman dute etxe batean piztutako sutean kea arnastegatik
Pertsona bat Donostia Ospitalera eraman dute Erdialdeko Pedro Egaña kaleko etxebizitza batean izandako sute batean kea arnastu eta gero. Izan ere, ke-kanpai batek su hartu du, eta eraikineko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte.
Suhiltzaileek dei bat jaso dute goizeko hamarretan, Karmeldarren elizaren ondoan dagoen Pedro Egaña kaleko 7. zenbakiko laugarren solairuan sute bat piztu dela ohartarazteko. Atari horretako sukalde bateko ke-kanpaiak su hartu duenean gertatu da ezbeharra. Une horretan, familia etxetik atera ahal izan da, baina bertan bizi den pertsona bat lo zegoen, eta anbulantzia batek artatu behar izan du kalean, kea arnasteagatik. Badaezpada, ospitalera eraman dute, baina jakinarazi dutenez, ez dago larri. Gainera, seigarren solairuko emakume bat suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute.
Eraikin osoa hutsarazi dute suhiltzaileek aireztapen lanak egiteko, baina aurreikusten da lehen hiru solairuetako bizilagunak gaur arratsaldean bertan itzuli ahalko direla etxera. Ordea, laugarren, bosgarren eta seigarren solairukoek beraien senideen etxeetan pasatu beharko dute gaua.